Antzerkia, bertsoak eta Sarrionandiarekin solasaldia, Korrikarekin datozenak
Gaur 'Uhinak' dokumentala emango dute, eta ostiralerako Joseba Sarrionandiarekin hitzaldia antolatu dute. Astebururako, antzerkia eta bertsoak.
Korrika Kulturalak egitaraua oparoa dakar aste honetarako. Lau zita jarri dituzte aste honetarako, denak arlo ezberdinetakoak.
Gaur arratsaldean, esaterako, aurtengo Korrikari buruzko dokumentala eskainiko dute, Uhinak izenekoa. Udaletxeko areto nagusian izango da emanaldia, 19:00etan hasita.
Ostiralean —apirilak 1—, literatura solasaldiarentzako txanda izango da. 8 ate izenburupean, Joseba Sarrionandia idazlea gonbidatu dute. Oier Guillan eta Ainara Lasak gidatuko dute saioa. Ekitaldi hau ere udaletxean izango da, 18:30ean hasita. Sarrera guztiak agortu dira.
Antzerkia eta bertsoak
Larunbaterako, herriko gazteen antzerki taldeak Korrika klik: museoan barrena taularatuko du udaletxean. Sarrerak doan izango dira, eta e-posta bidez eskatu beharko dira. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera eska ditzake, hilaren 31 baino lehen.
Iganderako, berriz, bertso saio musikatua programatu dute. Ez da kasualitatea-k lau bertsolari —Uxue Alberdi, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Miren Amuriza— elkartuko ditu, eta Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak. Ixak Arruti eta Gari Otamendiren ardura izango da musika jartzea. 18:00etan hasiko da saioa, udaletxeko pleno aretoan.
Datorren astebururako beste hiru ekitaldi antolatu dituzte.