Ander Imazek oiartzuarren babesa jaso du, finalari begira
Pilotari oiartzuarrak, Unai Lasorekin batera, igandean jokatuko du bere lehen finala. Oiartzuar talde batek bazkaria antolatu du.
![ander imaz finala](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/03/ander-imaz-finala.jpeg)
Ander Imaz oiartzuarrak datorren igandean jokatuko du bere ibilbide profesionaleko lehenengo finala. Unai Lasorekin batera arituko da, Jokin Altuna eta Julen Martijaren kontra.
Binakako Txapelketako finala Bilboko Miribilla auzoko pilotalekuan jokatuko dute, 17:00etatik aurrera (lehenago beste partida bat jokatuko da).
Finalerdietako ligaxkan lehenengo postuan sailkatu dira oiartzuarra eta nafarra, nahiz eta play-offa jokatu behar izan zuten bertara sailkatzeko.
Igandean arerio izango dituztenen kontra bi partida jokatu dituzte txapelketa honetan bertan. Lehenengoan —ligaxka fasean— Imazek eta Lasok puntu bakarragatik galdu zuten. Bigarrenean —finalerdietan— nahiko erraz gailendu ziren oiartzuarra eta erroibartarra (22-6).
Oiartzuarren babesa eta bazkaria
Igandean ez du erronka makala, baina Imazek badaki oiartzuarren hatsa izango duela. Oiarpe pilota elkarteko kideek argazki jendetsua atera zuten atzo pilotariarekin berarekin, animoak emateko.
Pilotalekutik edo pantailatik animatu duten oiartzuar talde batek, bestalde, afaria antolatu du iganderako. Joan nahi duenak 646 93 67 67 telefono zenbakira mezu bat bidali beharko du, ostirala baino lehen.
Egi-Luze sagardotegian izango da, eta sagardotegiko menua izango du (32 euro, kafea barne). Xanpainari buruz ez dute ezer esan, baina ziur ez zaiela inportako gehiago ordaindu behar bada ere.
![ander imaz finala](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/03/whatsapp-image-2022-03-29-at-7-12-40-pm1-500x243.jpeg)
Oiartzungo pilotazaleek babesa adierazi diote Imazi.