Arramendiko bizilagunei babesa eman die udalbatzak
Apirilaren 14an Espainiako bandera errepublikanoa balkoian jartzea onartu da ere udalbatzarrean.
Arramendiko bizilagunek jasaten ari diren egoerarekin bat egin zuen atzo Errenteriako udalbatzak. Azken orduan Stop Desahucios plataformak aurkeztutako mozioa urgentziaz tramitatzea aho batez erabaki zuten alderdi guztiek atzo iluntzean egindako udalbatzarrean. Mozioaren tramitazioan bai, baina mozioa bera bozkatzeko garaian unanimitatea haustu egin zen. EHBilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemos-IUk mozioarekin bat egin zuten bitartean, PSE abstenitu egin zen.
EHBilduk, Iñaki Queralt zinegotziaren eskutik, udal gobernutik egindako bitartekaritza lanak azpimarratu zituen, eta gogoratu du udala nahiko mugatuta dagoela gai horretan, baina “bizilagunak entzuten eta babesten” jarraituko duela ziurtatu zuen. EAJko bozeramalea den Eli Muruak babesa eskaini zien bizilagunei, eta Udalak “bitartekaritza lanak” egiten jarraitu behar zuela adierazi zuen. Elkarrekin Podemos-IU afera konpondu arte egungo baldintzak mantentzearen alde agertu zen. PSE izan zen mozioa babestu ez zuen talde bakarra, Isaac Palencia bozeramalearen esanetan proposatutakoa legala ez zelako, eta “bizilagun kaltetuen interesen aurka doalako”.
Talde politikoen ondoren, Stop Desahucios plataformako Rosa Garciak hartu zuen hitza. Aktibista bizilagunen defentsan agertu zen eta kaltetutako familiek “etxebizitza baten beharra” zutela adierazi zuen. Egungo baldintzak mantentzearen alde ere agertu zen.
Bestelako gaiak jorratu zituzten ere atzoko udalbatzarrean. Batetik, Agrupación Republicana de Oarsoaldeak aurkeztutako mozioa non apirilaren 14an Espainiako bandera errepublikanoa balkoian jartzea eskatzen zen. EHBilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk horren alde egin zuten; EAJ, aldiz, abstenitu egin zen. Eli Muruak bere taldeko abstentzioa arrazoitu zuen: “Mozioaren baloreak partekatzen ditugu, baina alderdi abertzalea gara, eta gure aberri bakarra Euskadi da”.
Bestetik, PSE-EEk Mugi txartelaren harira aurkeztu zuen mozioa bertan behera gelditu zen, sozialistek EHBildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin transakzio-mozioa adostu ondoren. EAJk bere mozio propioa aurkeztu zuen. Lehenengoa izan zen onartu zena.
Udalbatzarrera Arramendiko aferan kaltetutako bizilagunen ordezkaritza zabala gerturatu zen.