Iker Sarriegiri hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak
13/13 auziko sententziaren berri eman dute gaur. "Erakunde terroristako kide" izateagatik zigortu dituzte zazpi auzipetuetatik lau.
Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur eman du 13/13 izenarekin ezagutzen den auziaren epaia: zazpi auzipetuetako lauri espetxe zigorra ezarri diete. Zigortuen artean da Iker Sarriegi, Oiartzunen bizi dena.
“Erakunde terroristako kide” izateagatik zigortu dituzte Sarriegi —hiru urte eta egun bat—, Jon Enparantza —lau urte—, Naia Zuriarrain —hiru urte eta erdi— eta Arantza Zulueta —hiru urte eta erdi—. Azken horri hiru urte eta erdiko beste zigor bat ezarri diote, “armak eta lehergaiak edukitzeagatik”.
Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo auzipetuak, berriz, absolbitu egin ditu auzitegiak.
Berria egunkariak nabarmendu duenez, aurretik betetako espetxealdia kendu behar zaie zigor horiei. Hala ere, kartzelara bueltatzeko moduko zigorrak ezarri dizkiete. Epaia, hala ere, ez da irmoa, eta Alfonso Zenon abokatuak helegitea jarriko dutela iragarri dio egunkariari.
Sententzia
Epaiaren arabera, lau zigortutakoak ETAn “erabat integratuta” zeuden, erakundearen “fronte juridikoa” osatuz. Auzitegi Nazionalaren esanetan, zigortutakoek presoen eta ETAren zuzendaritzaren artean “lotura” egiten zuten.
Fiskalaren akusazioak, beraz, bere egin dituzte epaileek, eta miaketetan aurkitutako dokumentazioa frogatzat eman dute.
Iazko uztailean hasi zen Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondoren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean —hasieran Juan Mari Jauregi ere auzipetuta zegoen, baina, gaixo zegoela-eta, auzitik kanpo utzi zuten. Iazko irailean hil zen—.
Azaroan bukatu zen epaiketa. Hainbat irregulartasun salatu zituzten, hala nola Enparantza eta Zulueta gauza beragatik bi aldiz zigortzea, errugabetasun printzipioa urratzearena eta babesgabetasuna.
Oiartzunen hainbat mobilizazio egin dituzte Sarriegi bizilagunari babesa adierazteko, azkena pasa den urrian. Hamarnaka lagun elkartu ziren bazkari batean.