Datozen larunbat eta igande goizetan arropa salduko du Antxoko elkarteak, Ukrainia Euskadi Elkartearentzako dirua biltzeko asmoz.
Elkartasun izaeradun azoka antolatu du Bekoz Bekok datozen larunbat eta igande goizetarako. Elkarte feministako ateak parez pare zabalduko dituzte saldutako arropa ukrainarrentzako diru bihurtzeko asmoz.
Azken asteotan Ukraina Euskadi Elkarteak Donostia eta Irunen dituen egoitzetara eramateko arropa dohaintzak biltzen ibili dira Bekoz Bekoko kideak, baina jakinarazi berri diete honezkero ez dutela jantzi gehiago behar, eta beraz, dagoeneko bildutako hori saldu egingo dute, lortutakoa ukrainarren aldeko taldearen kontu korrontean sartzeko.
Bekoz Beko Elkartearen egoitza Antxoko Zumalakarregi kaleko 7. zenbakian dago, eta etorbide hori bera probestuko dute salgai duten arroparen erakusleiho gisa datorren asteburuan. Elkartasun keinuarekin bat egin nahi duten guztiei larunbat eta igande goizetan (10:30etik 14:30era bi egunetan) kaleko azoka bisitatzera hurbil daitezen dei egin diete.