Espetxean larriki dauden presoak babestu dituzte
Bihar, apirilak 7, Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, herriko hainbat eragilek larriki dauden presoak ekarri dituzte gogora.
Bihar, apirilak 7, Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo dauden presoak ekarri nahi izan ditu gogora. Errenteria-Oreretan hainbat gizarte eragile bildu dira, larriki dauden preso gaixoei sostengua eta babesa emateko eta baldintza duinetan eta konfiantza ingurune batean artatuak izateko beharra aldarrikatzeko.
Saretik nabarmendu dute euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urruntzeak dakarren bakardadeak, zigorraren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenak eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko ezintasunak, eragin zuzena dutela preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea edo harremanak garatzeko arazoak sortzen dituztela. Gaur egun, oraindik 19 dira gaixotasun larriak dituzten euskal presoak. Espetxe politikaren baitan egoera aldatzen hasi den arren, oraindik ere, preso askok egoera hauei aurre egin behar dietela salatu dute, ahaztu gabe, gehiengoak orain arte betetako zigorraren zatia lehen graduan edota isolamenduan igaro duela.
Horrez gain, gaixo diren presoen kasuan, Sare Herritarretik eutsi dute oraindik ere salbuespena dela preso horiek jasaten duten neurria, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murriztuz, gertukoen babesa, bizi-baldintza duinak edota konfiantzako medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu. Lege arruntaren aplikazioak, larriki gaixo diren presoak etxean egotea ahalbidetuko luke, euren gaitza era ahalik eta egokienean artatuz, ahal dela, berau gainditzeko helburuarekin.
Saretik zehaztu dute osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea dela, baita preso diren pertsonei ere. Aipatu dute ezin dela onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea duela aldarrikatu nahi dute.
Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika horren ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak dira espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin duela azken urteetan. Espetxe politikak eta espetxeak, bertan preso diren pertsonen biziaren ardura beregain dutela baietsi dute.
Horren harira, Lander Garroren Tipularen Sehaska Kanta filma proiektatu zen atzo Niessenen, osasunerako eskubiderik ez duten presoen babesgabetasuna emozioen ikuspegitik esploratzen duena.