Pasaia Kayakeko Gazte Promesak Sevillan lehiatu dira
Klub pasaitarreko zortzi kirolarik ordezkatu dituzte urdinak Gazte Promesen Espainiako ur lasaietako Piraguismo Txapelketan.
Pasaia Kayak taldeko kirolari, entrenatzaile eta laguntzaileak Sevillako plaza nagusietako batean, lehiatu aurretik. Gazte Promesen Espainiako ur lasaietako Piraguismo Txapelketa joan den asteburuan lehiatu zen Sevillan (Andaluzia, Espainia), eta bertan izan ziren, onena emateko asmoz, Pasaia Kayaken palistak. Zortzi kirolarik osatu zuten pasaitarren ordezkaritza.
Kattalin Altuna sanpedrotarra izan zen sailkapen proban finalerako txartela lortu ez zuen bakarra, irauli egin baitzitzaion piragua sailkatzera bidean zihoanean. Gainerako taldekideek hutsik egin ez zutela esan dute prestatzaileek, “izan ere, partaidetza eta maila benetan handia izan da txapelketakoa”. Kadeteek 3.000 metroko bidea egin behar izan zuten 5.000 metroko finalera sailkatzeko.
Finalean “oso lan txukuna eta aipagarria” egin zuen Maialen Vitoria altzatarrak Kadete kategoriako A taldean, 18. postuan helmugaratuz. Borrokan zintzo aritu ziren, halaber, B taldeko beste lau neska ordezkariak. “Finalean sartzea izan zen haien benetako garaipena”, diote klubetik. Irati Herce sanpedrotarra izan zen azkarrena 42. postuan sailkatuz, eta atzetik heldu ziren Noa Revuelta, Ainara Jimenez eta Ioar Alonso urdinak.
Mutilei dagokienez, Haurren kategorian parte hartu zuten bi ordezkariek. 3.000 metroko ibilbidea bete behar izan zuten, sailkapen probarik gabe, estatuko lurralde guztietatik bildutako 150 parte hartzaile ingururen aurka. Gaizka Lopez 19. izan zen Haurren A taldean; lehenengo euskal ordezkaria. Oinatz Alonsok ere maila eman zuen B taldean, Espainia mailako bere lehenen esperientzian; zerrendaren lehen erdian sailkatu zen ia.
K-2 ontzien Euskadiko Txapelketa Irekia
Sevillako norgehiagokarekin, jarraipena eman dio marea urdinak aurreko asteburuan erdietsitakoari. Orduko horretan, bigarren urtez jarraian etxean, portuko barne-uretan, Pasaiako klubak bi tokiko K-2 ontzien Euskadiko Txapelketa Irekia antolatu zuen.
“Arrakastatsu” iritzi zioten probari, ia 80 ontzi bildu zirelarik orotara, Euskal Herri osotik eta inguruko lurraldetatik etorriak, txapelketa irekia zenez gero. Kadete kategoriatik Masterrera bitarteko probak egin zituzten, eta horiekin 12 domina lortu zituzten pasaitarrek guztira (5 urre, 3 zilar eta 4 brontze).
