Ahotsaz
Duela gutxi entzun dut Lokatza podcastaren lehen kapitulua: Ahotsa lokatzetan. Sarreran, Uxue Alberdik emakumearen ahotsaren eta hitzaren artean dagoen distantzia aipatzen du, «hemen ahotsa eta han hitza baleude bezala, itsaso bat tarteko». Ahotsa ez dela hitzentzako edukiontzi hutsa dio, gorputza ekintzarako bitarteko soil ez den bezala. Ahotsak, hitzik ebaki gabe ere, esan egiten duela. Eta emakumeon ahotsaren kontzientzia ezinbestean dagoela zeharkatuta kanpotik jasotzen ditugun inpresioekin. Izan ere, umetatik esaten digute nola hitz egin behar dugun: hitz horiek ez esateko, halakori horrela hitz egiteko eta beste hari ez hitz egiteko modu horretan; hitz egiteko behar den bezala. «Eta arauak, behar den bezala hitz egitekoak, ez dira berdinak denontzat».
Emakumearen ahotsaren eta hitzaren artean itsaso bat dagoela iruditzen zait niri ere. Hala sentitzen dut nik, eta hala ondoriozta liteke, esaterako, Alberdiren beraren Kontrako eztarritik liburuko testigantzetatik ere. Bertsolariei egindako elkarrizketetatik ateratako ondorioetan Alberdik azaltzen du eremu publikoan gutxitan ematen zaiola zilegitasunik emakumeen ahotsari. Honako hau du beste ondorioetako bat: muturreko autoexijentzia estrukturala suntsitzailea izan ohi dela eta egiten duena nahikoa ez dela sentitzera edo isiltzera eraman dezakeela bertsolaria; uler liteke, orokorrean: sortzailea.
Behar den bezala hitz egiteko arauek ahots kordak estutzen dizkigute, zentzu metaforikoan eta hitzez hitzekoan. Ahotsari lotutako zenbait gaixotasun ohikoagoak dira emakumeengan. Emakumeak desafinatu egiten du bere buruarekin; komikoa litzateke, egia ez balitz. Eta barruko ahotsari hitza jartzeko mugak ere handiagoak dira. Munduaren logikari kontra egitea da emakume bat idazten jartzea, adibidez.
Bizi izan ez banu ez dakit zein puntutaraino sinetsiko nukeen. Lanak ditu ulertzeak kanpoko ahotsa bakarrik ez, barrukoa ere ukatzen diogula: geronek geure buruari; idaztea ukatu izan diodala nire buruari. Edo, bestela esanda: orain eman diot nire buruari idazteko baimena –autoritatea–. Inkontzientea izan baita orain arteko ukazioa, noski. Proposamenik ere (serio) ez diodalako egin. Proposamena bera ukatu diot, mundu posibleak ukatu dizkiot. Hainbesterainokoa da desautorizazioa.
Azpiratuaren psikologia da: berdin gertatzen zaie esklaboei, etorkinei, emakumeei. Barneratuta dugu muga araua, desautorizazioa; barru-barruraino sartuta. Intimitatea urratzeraino. Larrutan egiten digu. Larrutu egiten gaitu. Gela bat behar genuen norberarena; orain badugu eta bada zerbait, baina mamua sartu zen gelara gurekin batera: ekintzak, pentsamendua eta ahotsa eteten digun mamu hori.
Arau berak dira ahotsa urratzen digutenak eta hitza hartzeko desautorizatzen gaituztenak. Kanporatu behar ez dugun ahotsa da barruan galtzen zaiguna.
Itsaso bat dugu eztarrian sartuta.