Jaureguizar: "Kasu bakoitza aztertuko dugu, ahalik eta irtenbide egokiena emateko"
Jaureguizar enpresa Arramendiko etxebizitzen jabe da. Hilaren 16an bukatuko zaie bertako bizilagunei babespeko alokairuan bizitzeko aukera.
Errenteria-Oreretako Arramendi kaleko 3-5 eta 7 atarietako bizilagunei hilaren 16an bukatuko zaie babespeko alokairu erregimenean bertan bizitzeko aukera. Hortik aurrera, etxebizitza horiek erosi beharko lituzkete bizilagunek horietan bizitzen jarraitu ahal izateko. Etxebizitza horien jabe Jaureguizar enpresa da. Gaiaren harira, oharra bidali dute hedabideetara, esanaz, bizilagunen eta Errenteriako Udalaren ezinegona partekatzen duela, eta aldi berean, gaiari irtenbidea emateko ahalegina egingo duela. “Kasu bakoitza banan-banan aztertuko dugu, ahalik eta irtenbide egokiena emateko”. Gaiari irtenbidea emateko hainbat alternatiba lantzen ibili direla esan du enpresak.
Jaureguizarrek zehaztu du, bai Eusko Jaurlaritzari zein Errenteriako Udalari eskaini diela etxebizitzak erosteko aukera, “egun bizilagunek duten babespeko alokairua haien ekimenez kudea dezaten. Baina administrazio horiek proiektu horri jarraipena ez emateko prebisioa dagoenez, desiragarrien litzatekeen aukera zen hori, Jaureguizarrek bizilagunei aukera emango die lehentasuna izan dezaten etxebizitzak erosteko”.
Enpresak aipatu du Arramendiko etxebizitzen gaia, “lehentasunez eta denaren gainetik gai humano eta sozial bereziki sentibera” dela, eta “duela hilabete batzuetatik” gaiari irtenbidea eman nahian dabilela, “erantzun hori administrazio publikoei ere eskatzen diegu, herritarren ongizatearen lehen erantzule diren heinean”.
Arramendiko 3-5 eta 7 atariak dauden orubea 20o2an erosi zion Jaureguizar enpresak Errenteriako Udalari, bertako etxebizitzen kalifikazioa babes ofizialekoak eta aldi baterakoa zelarik. Kalifikazio hori aldatu egin zen, behin betiko bihurtuz, “horrek espero genuen diru erretornoan aldaketa eragin zuen. Dena dela, Jaureguizarrek egitasmoarekin aurrera egin zuen zorrotz betez legea eta administrazioen arauak, tartean, 15 urteko alokairu babestuan eskaintzea etxebizitzak”, esan du enpresak.