[Erreportajea] Oztopoak oztopo, Landarbaso Trail bueltan da berriro
Pandemiagatik bi urtez eten ondoren, mendiko lasterketaren bigarren edizioa egingo dute maiatzaren 8an. Karrera egiteko hilabete falta denean, gogo handiz daude antolatzaileak.
Landarbaso Trail mendi lasterketa bueltan da. 2o19ko lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, pandemiak errotik zapuztu zituen 2020ko eta 2021eko lasterketak. Unai Esnal eta Mikel Apilanez lasterketaren antolaketa taldean dauden bi kide dira, Urdaburu Mendizale Taldekoak, eta lasterketa etenda egon diren bi urteak «zailak eta dudaz beteak» izan badira ere, onartu dute «gogotsu» daudela aurtengo edizioari ekiteko: «2020ko lasterketak gozatzen hastekoa izan behar zuen, baina ezin izan genuen egin. 2021era begira, antolatzeko aukera izango zenaren esperantza genuen, baina egoerak erakutsi digu luzera joan dela dena eta bertan behera utzi behar izan genuen. Baina orain egoera baretu da, eta esan dezakegu Landarbaso Traileko bigarren edizioa egi bihurtu dela. Gainera, bi urteko atseden honekin, gogotsu gaude itzulerarako».
Mendi lasterketaren bigarren edizioa maiatzaren 8an izango da. Karrerarako hilabete falta denean, aurreikuspenak bete dituzte, eta dagoeneko ia betea dute parte hartzaileen kopurua. Landarbaso Trailek 250 korrikalarirentzako kupoa du, eta gutxi falta zaie zifra horretara iristeko.
Pandemiaren eraginak baretu diren honetan, geroz eta mendi lasterketa gehiago eta korrikalari gehiago daude mendira bueltatzeko gogoz. Karrera horietako asko «gugandik hurbil» direla zehaztu du Esnalek, eta, horrez gain, askotarikoak direla aipatu du: «Astebururo bat baino gehiago daude, eta asko antzekoak dira». Hori dela eta, bi urte geldirik egon ondoren, antolatzaileek jendeak izandako harrera eskertu nahi izan dute: «Lehen edizioan jendea sentsazio onekin geratu zen. Eskertzekoa da parte hartzaileek errepikatu nahi izana. Lan gogorraren fruituak jasotzen ari gara. Baina emakume gehiago nahi ditugu lasterketan, momentu honetan gehiago baitira izena eman duten gizonak».
2022ko edizioa errealitatea izango bada ere, zailtasunak izan dituzte denbora honetan. Pandemiak iraun duen bi urteetan badira antolatu diren lasterketak, baina Landarbasokoek argi zuten: «Guk karrera mendiarekin lotutako festa bat bezala ulertzen dugu. Azken asteetan ikusi dugu hainbat lasterketa normaltasunez egin direla, eta hori da gure asmoa, osotasunean egitea. Herriarentzako festa bat izatea nahi dugu, ez soilik korrikalarientzat. Horrez gain, eragile askok hartzen dute parte, eta horiei festa bat zor diegu».
Antolatzaileek nabarmendu dute Landarbaso Trail «bihotzez» egindako karrera dela: «Uste dugu 2019an korrikalariengana iritsi ginela. Detaile guztiak zaindu genituen. Karrera txiki, hurbil eta herrikoia bada ere, lasterketa bat antolatzeko eskatzen den gutxieneko profesionalizazio maila dugu. Korrikalaria etxean bezala sentiarazi genuen».
Ibilbidean, aldaketarik ez
Arrakasta izan duena ahalik eta gutxien aldatzea komeni dela esaten da askotan, eta hori da hain zuzen Landarbasokoek egin dutena, ondo dagoena bere horretan utzi baitute. Lasterkariek ibilbide gogor bati egin beharko diete aurre. 18 kilometro dira, 900 metroko desnibel positiboarekin. Listorretan hasi eta bukatuko da, eta Urdaburuko eta Aldurako gainak igarotzeaz gain, Aizpitarteko kobazuloetatik eta basoko tarte politez igaroko direla eutsi dute antolatzaileek, lasterketaren helburuetako bat baita jendea trail lasterketetara hurbiltzeaz gain, «inguruan ditugun parajeak ezagutaraztea eta herrian duguna erakustea».
2019ko lehen edizioaren arrakasta ikusita, bide horretatik jarraitu nahi dutela ziur dira. Duela hiru urte dena «oso ondo» atera zela baietsi dute Esnalek eta Apilanezek: «Eguraldi oso ona izan genuen, eta korrikalarien feedback-a oso ona izan zen. Hori dela eta, lasterketa osoa bere horretan uztea erabaki dugu».
Aurtengoari begira euririk ez egitea nahi dutela onartu dute, nahiz eta Euskal Herrian egonik, jakinaren gainean dauden eguna euritsua izan daitekeela: «Lasterka aritzeko euria egitea askotan plazera da korrikalariarentzat, baina ikusle edo boluntarioentzat, nahiz Listorretan sortu nahi dugun mendiaren festa horrentzat, oso kaltegarria litzateke euria. Badakigu urteren batean euria egokituko zaigula, baina espero dugu aurten ez izatea. Egun hori jai giroan ospatu, eta bertaratzen direnek sentsazio onarekin buka dezatela nahi dugu».