San Ferminetako kartel lehiaketan parte hartzeko epea, zabalik
Jai Batzordeak maiatzaren 20a arte jasoko ditu parte-hartzaileen kartelak. Irabazleak aurtengo jaiak iragarriko ditu.
Antxoko San Ferminen artxiboko irudi bat. Pasaiako Udala aurtengo Antxoko San Fermin jaiak prestatzen dabil dagoeneko. Hori dela-eta, kartel lehiaketa jarri du abian. Parte hartzeko, bada, udalak zenbait irizpide ezarri ditu aurretik: parte-hartzaileak Pasaian jaiotakoak edota bizi direnak behar dute izan, lana DIN-A3 formatuan aurkeztu behar da, “San Fermin Jaiak-Pasai Antxo 2022. Uztailaren 6tik 10era” esaldia aurkeztu behar da, eta ez da egilearen sinadura edo izen deiturarik agertu behar.
Hortaz gain, kartelarekin batera gutun azal itxi bat aurkeztu beharko dute parte-hartzaileek, barruan izen deiturak, helbidea eta telefonoa egongo direlarik. Kartel originala maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu beharko da, Trintxerpeko Kultura eta Hezkuntza sailean edo Pasai Antxoko HAZen bulegoan.
Irabazleak, sari gisa 200 euro eta MIMOS tabernan bi pertsonentzako bazkaria jasotzeaz gain, haren kartelak aurtengo jaiak iragarriko ditu eta San Ferminetako aldizkariaren azala izango da. Era berean, kartel irabazlea Jai Batzordearen esku geldituko da, eta gainerakoak Kultura eta Hezkuntza sailean bueltan jasotzeko aukera izango dute egileek.
