ADIFen trenbide zabalera egokitzeko obrek eragina izango dute udalerrian
Lanak apirilaren 19an hasiko dira, bi fasetan. Lehen fasea Nafarroa etorbidean egingo da, Gabierrota auzoan, abuztua bitarte.
ADIFek apirilaren 19an, asteartea, hasiko ditu Errenteria-Oreretan Astigarraga eta Irun arteko trenbidearen zabalera egokitzeko lanak. Obra horiek bi fasetan egingo dira, eta eragina izango dute udalerriko gune ezberdinetan.
Lehenengo fasea Nafarroa etorbidean egingo da, Gabierrota auzoan, eta lan horiek abuztua bitarteko iraupena izatea aurreikusten da. Lehen fase horretan horma bat eraikiko da ADIFen lur eremuaren trenbidea handitzeko. Horretarako, lur horietan dagoen landaredia kentzea aurreikusi da. Jarduera hori apirilaren 22tik 23rako gauean gauzatuko da, eta trafikoa eten egin beharko da Nafarroa etorbidean, bi noranzkoetan.
Horma hori eraikitzen den bitartean, eta ibilgailuak herrira bide nagusi horretatik sartu eta irteteko, gutxi gorabehera Gabierrota pasealekuaren erditik Lartzabaleraino dauden lineako aparkalekuak desgaituko dira. Baterian dauden aparkalekuak, berriz, mantenduko dira. Gabierrotako biribilgunetik gertu trenbideak gurutzatzen dituen zubiaren sarbidearen ondoan dauden bost plaza inguru ere kenduko dira.
Udalak Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkartearekin bilera egin du afekzio horien berri emateko.
Obren bigarren fasea 2023 eta 2024 artean gauzatuko da Pasaiako portuarekin udal mugan.