Zea Mays Errenterian izango da maiatzaren 13an
Taldearen 25. urteurrenaren ospakizun kontzertuen barruan sartu dute honakoa. Lekuona Fabrikan izango da, 20:00etan.
Osasun arazoengatik geldiune bat egin ondoren, Zea Mays musika talde bilbotarra agertokietara itzuli berri da.
Taldeak bere 25. urteurrena jarraitzaileekin ospatu nahi du, eta ’25 urte joan dira ta!’ lelopean, hainbat kontzertu eskainiko dituzte. Horietako batzuk Bilbon, Bartzelonan, Logroñon edota Zaragozan izango dira, baina horien artean, maiatzaren 13an Errenteria-Oreretan egingo duten emanaldia sartu dute. Kontzertu hori Lekuona Fabrikan izango da, 20:00etan.
Sarrerak Kultura Kreatiboaren webgunean eta Lekuona Fabrikan eskuratu ahal izango dira. Gainera, ikuskizunaren egunean bertan sarrerak agortu ez badira, ordubete lehenago leihatilan erosteko aukera izango dute interesdunek.