Hemen da Lezoko Eskubaloiaren astea
Gazteenak Saldisen arituko dira eskubaloian datorren igandean. Hurrengo astean, berriz, aintzatespena egingo diote emakume jokalariei.
Lezoko Eskubaloiaren astea antolatu du Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta talde ezberdinen laguntzarekin; azken horien artean, Munttarpe lezoarra.
Hilaren 29 eta 30ean, eta maiatzaren 1ean Donostian jokatuko den Copa de la Reina txapelketa sonatua probestuz, eskubaloia Gipuzkoan barrena zabaldu eta ezagutarazteko helburua duen iniziatiba martxarazi dute. Sustapen lan horretarako, hainbat ekintza burutuko dira Donostian, Hernanin, Ordizian eta Lezon.
Lezokoari dagokionez, datorren igandean, hilak 24, 10:30ean, Karlos Saldise plazan eskubaloian jokatzera gonbidatu dituzte Benjamin, Kimu eta Haur kategorietako neska-mutilak. Parte hartzaileentzat opariak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Hilaren 28an, berriz (osteguna), emakumezkoen eskubaloiari bultzada berezia eman nahi diote Bera Berako jokalarien esperientzia ezagutu nahi? saiakerarekin. 18:00etan izango da topaketa, Bekoerrota kiroldegian. Benjamin, Kimu, Haur, Kadete, eta Gazte mailetara zuzendua egongo da.