Ibaiondo frontoi kanpoko lorategia kenduko du udalak
Pilotaleku estaliaren sarreran dagoen jardina topoaren obrengatik kenduko dute, "aisialdirako toki gehiago" lortzeko.
Pasaiako Udalak gaur bertan eman du aditzera bihar ekingo dietela Ibaiondo pilotaleku estaliaren sarreran dagoen lorategiaren deuseztatze lanei, zabaldegi horretan “aisialdirako toki gehiago” lortzeko helburuz.
Lanak bi astez luzatzea aurreikusi dute arduradunek. Horiek bukatuta, Ibaiondo zabalgunea hedatuko litzateke, pilotalekuaren fatxadari itsatsitako lurzoru hori asfaltatzearekin batera.
Udal arduradunen asmoa herritarren eskaerei erantzutea dela azaldu dute, bizilagunak izan baitira aisiarako espazio gehiago galdegin dituztenak, jakitun datozen urteotan Antxoko plaza nagusia hesituta egongo dela, bai eta Ibaiondo zabalgunearen eremu handi bat ere. Lorategia kenduta frontoirako irisgarritasuna hobetuko dela ere iritzi dio udalak, “eta sarbide segurua izango da erabiltzaileentzat”.