Amatasuna feminismotik izango dute hizpide Atsolorrak tailerrean
Parean Elkarteak abiarazitako egitasmoak amatasunari buruz hausnartzeko espazioa sortuko du maiatzean Juanba Berasategin.
Atsolorra, XVI. mendean Eliza Katolikoak bataioaren betebeharra ezarri aurretik jadanik Euskal Herrian egiten zen jaiotza-erritu bat zen. Auzoko edo inguruko emakumeak, ama izandakoari laguntza txiki bat eskaintzeko, haurra jaiotako baserrira joaten ziren eta etxekoek trukean, bisita eskertzeko, afari-merienda ematen zieten bisitariei.
Emakumeen espazio izandako elkarguneak berreskuratu eta amatasuna ikuspegi feministatik lantzeko asmoz, Parean Elkarteak Atsolorrak egitasmoa abiarazi du. Amentzat (edo ama izan gabe amatasunaz aritu nahi duten emakumeentzat) eraturiko espazioa izango da, gaiaren inguruan emakumeek dituzten kontraesanen inguruan hausnartu eta amatasun feminista baterantz pausoak emateko bidea definitzea ahalbideratu nahi duena.
Elkargune horietan landuko diren gaien artean daude, hala nola, amatasuna perspektiba feministatik, amatasunaren eta feminismoaren arteko harremana edota amatasunak espazio parte hartzaile zein militantzia feministan duen eragina.
Gipuzkoako lau eremutako taldeekin burutuko da dinamika. Pasaian, maiatzaren 3an eta 17an izango dira saioak, 17:00etatik 18:30era. Betiere, emakumeentzat erosoa eta segurua den espazio bat sortzea bilatuko da, euren beharretara egokituz, ordutegiari dagokionez malguak izanik eta zaintza zerbitzua edota ume jaioberriekin joateko aukera eskainiz.
Izena eman daiteke honako helbide elektroniko honetara mezua idatziz.