'La bajamar' liburuaren aurkezpena eta argazki erakusketa, Antxon
Aroa Moreno idazleak Antxon kokatu du bere azken eleberria, eta Antxotarrok Historia Mintegiak argazki erakusketa egingo du horri lotuta.
Aroa Moreno Duran idazle madrildarrak bere bigarren eleberria, La bajamar, aurkeztuko du hilaren 28an (osteguna) Antxoko Kultur Etxean. Egun horretatik abiatuta, gainera, liburuko zati eta pasarteei buruzko argazki erakusketa jarriko du ikusgai Antxotarrok Historia Mintegiak.
Liburuan, Adirane protagonista itsasadarraren ondoko bere herriko familia-etxera itzuliko da, amona Ruthen haurtzaroko azken oroitzapenak (Gerra Zibilekoak) erregistratzeko aitzakia ahularekin. Antxoko barrutiaren hainbat garai gogora ekarriko ditu horrela.
Lan horren kariaz, Antxotarrok Historia Mintegiko kideek argazki erakusketa bat prestatuko dute kultur etxean bertan, liburuko zati eta pasarteei buruzko herriko irudiekin. Esposizioa aurkezpen egunetik maiatzaren 8ra egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera 18:30etik 20:30era eta larunbat eta igandeetan 11:30etik 13:30era.