Gamon ikastetxeko patio estalia, ikasleen eta auzotarren eskura
Cristobal Gamon ikastetxeko patio estaliko obrak bukatu dituzte dagoeneko, eta gaurtik aurrera ikasleen eta herritarren eskura egongo da.
Udal, eskola eta auzo elkarteko ordezkariek patio estalia bisitatu dute. Cristobal Gamon ikastetxeko patioko estaltze lanak bukatu dituzte dagoeneko, eta gaurtik aurrera ikasleen, ikastetxearen eta auzotarren eskura dago aire zabaleko espazio estali hori. Patio estali hori gaur goizean aurkeztu dute udaleko, eskolako eta Kaputxinoak Auzo Elkarteko ordezkariek, eta denak baikor azaldu dira auzoak eta eskolak izango duten gune berriaz.
Errenteriako Udalak herri hezitzailean sakontzeko politikak garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen legegintzaldi planean, eta bide horretan urratsa da Cristobal Gamon ikastetxeko jolastokia estaltzea. Espazioa eta ekipamendu publikoak ikuspegi hezitzailetik eraikitzea, espazio horiek herritar guztientzat irisgarri eta seguru izatea ere bada.
Gamon ikastetxeak espazio hezitzaile duinagoa izango du hemendik aurrera, eskola orduetan bertako ikasleek erabiltzeko lehenetsiko dena. Ikastetxearen hezkuntza proiektua indartzeko baliagarri izango da eta hezkuntza komunitatearen topagune natural izateko baldintza egokiak sortzen ditu gune horrek. Inbertsio horrekin, udalak haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoen azpiegiturak duintzeko bidean urrats kualitatiboa eman du.
Horrez gain, ikastetxeko ikasleez gain, Kaputxinoetako auzotarrek aterpedun espazio publiko bat irabaziko dute, eskola orduz kanpo auzoari eta herritarrei zabalik egongo dena. Era berean, auzoan antolatzen diren jarduerei bide emateko lagungarri izango da jolastoki estali berria. Hezkuntza komunitateaz harago, auzotarren arteko topagune bat izatea nahi da, eta baita ikastetxearen eta auzoaren arteko zubi ere.
Estalki hori eraikitzeak 637.816,07 euroko kostua izan du. Horietatik 362.656,72 euro udalak jarri ditu, eta gainontzeko 275.159,35 euroak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, diru laguntza baten bidez. Proiektua Antero Fernandez Arquitectos SL enpresak idatzi du, eta obrak Indenort PV, S.L.U. eta Proviser Iberica, S.L.U. enpresek burutu dituzte.
Hurrengoa, Markolako eraikina
Norabide berean, eta helburu berdinei helduz, Errenteriako Udala Koldo Mitxelena ikastetxeko Markola eraikineko patioa babestuko duen estalkia egiten hasteko lanetan ari da. Gauzak horrela, eskolako ikasleek eta Agustinetako auzotarrek ere aisialdirako espazio estali bat izango dute etorkizunean.
Azkenik, udalak eskerrak eman nahi izan dizkio obrek iraun duten bitartean ikastetxeak, ikasleek, familiek eta auzotarrek izandako jarrera ulerkorra eta lankidetza, obrak sortutako albo kalteei dagokien kudeaketan. Gainera, ikastetxeko zuzendaritzak ere udalari obra horiek egin izana eta hezkuntza indartzearen alde egiten ari diren lana eskertu eta goraipatu nahi izan du.
