Udalekuetan izena emateko epea maiatzaren 16an irekiko da
Uztailaren 1etik 29ra iraungo dute aurten Lezoko udalekuek. Haurrek giro euskaldunean ekintza ezberdinak garatuko dituzte hilabetean zehar. Haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute ere.
2021eko Lezoko udalekuen irudi bat. Aurten, Lezoko Udalak udalekuak antolatuko ditu berriz. Uztailaren 1etik 29ra ospatuko dira; eta 200 plaza eskainiko ditu, zozketa bidez esleituko direnak baldin eta izen-emateek kopurua gainditzen badute. Izen ematea maiatzaren 16an, astelehenean, irekiko da; eta hilaren 27an itxiko, ostirala. Euskara eta Kultura sailaren bulegoan izena emateko aukera egongo da, goizeko 08:30etatik eta eguerdiko 13:30etara. Bestela, internet bidez ere matrikulatzeko aukera egongo da, esteka honetan (maiatzaren 16tik aurrera).
Udalekuaz gain, haurtzaindegia
Udalak bi zerbitzu eskainiko ditu. Alde batetik, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute, 08:30etatik 09:30etara. Lanean dauden gurasoentzat baliagarria izango delakoan, hilabeteko prezioa 53 eurokoa izango da; 40 eurokoa familia ugariko kide direnentzat. Bestetik, 3-12 urte bitarte dituzten haur eta umeentzat udaleku irekia antolatuko da. Astelehenetik ostiralera, goizeko 09:30etatik eguerdiko 13:30etara herriko haurrek ekintza ezberdinak garatuko dituzte: jolasak, dantzak, antzerkiak edo kantak, esaterako. Giro euskaldunean eta ingurumenarekin harremanetan garatuko dira ekintzok. Prezioa 80 eurokoa da, 60 euro familia ugarietako kideentzat.
Udalekuetan parte hartuko duten haurrak 2010 eta 2019 artean jaiotakoak izan behar dute (gazteenek hiru urteak beteta izan behar dituzte), eta Lezon erroldatuta egon urte hasieratik. Salbuespenak bizilekua aldatu dutenak edo etorkinen familietako kideak dira. Horien kasuan, Lezoko ikastetxean egon behar dute matrikulatuta.
Izena emateko garaian, Osakidetzaren txartelaren kopia eta haurraren argazki bat atxiki beharko da. Hortaz gain, izen-emate orria sinatuta entregatu beharko da udalean, eta familia ugarietako kideek agiriaren kopia aurkeztu beharko dute ere.
