Iñigo Legorburu, garaile Mutrikuko mikrokontakizunen lehiaketan
'Berandu' lanarekin, 40 obretan onena izan da idazle errenteriarrarena. Honakoa du bigarren garaipena lehiaketa berean.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/05/legorburu.jpg)
Ostiralean ezagutarazi ziren Mutrikuko Udaleko Kultura sailak antolatzen duen V. Ziriako Andonegi mikrokontakizun lehiaketako irabazleak. Helduen mailan, Iñigo Legorburu errenteriarra gailendu zen ‘Berandu’ izeneko lanarekin. Legorburuk honakoa du bigarren garaipena lehiaketa horretan, 2020an gailendu baitzen lehenengoz migrazioari buruzko lan batekin. Aurkeztu ziren 40 lanetan onena izan zen idazle oreretarrarena.
Arauen arabera, kontakizunak 100 hitz baino gutxiago izan behar zituen, eta gaia librea zen. Legorburuk bi aiton-amona jarri ditu protagonista gisara, eta azaldu du hein handi batean teknologia eta arrakala digitalaren inguruan mintzo dela mikroipuina. Idazle errenteriarrak gaineratu du mikrokontakizunak modan daudela, “gaurko presazko mundu honekin bat egiten duten literatura pildora txiki eta motzak dira, normalean irakurlearen sorpresa bilatzen dutenak”. Horrez gain, “oso lerro gutxitan giro eta atmosfera bat sortu behar da eta hitzak ongi neurtu eta baliatu behar dira. Xinplea dirudi hasiera batean, baina ez da horren erraza”, azaldu du Legorburuk.
Egile oreretarrak 500 euroko saria, diploma eta Lea-Artibai herrian ohikoa den batel itxurako oroigarria jaso zuen Jon Arretxe idazlearen eskutik.