Udala eta Olatukoop, lankidetzan proiektu kooperatiboak bultzatzeko
Pertsonen beharrei erantzungo dieten eta tokiko ehun ekonomikoa indartuko duten proiektu kooperatiboak bultzatuko dituzte.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/05/20220503_120930.jpg)
Errenteriako Udalaren 2019-2023 Legegintzaldi Planaren oinarrietako bat tokiko ehun ekonomikoa indartzea eta sustatzea izan da. Hori dela eta, ildo horretan, gizarte-ekonomiako proiektuak bultzatzea tokiko ekonomiaren esparruan orain arte garatutako ekintzen multzoari gehitu nahi zaio.
Bestalde, Olatukoop kooperatiba enpresen sare bat da, 2014tik ekonomia sozial eta eraldatzailearen esparruan enpresa-proiektuak sortzen eta laguntzen diharduena.
Gaur egungo testuinguru konplexu honetan, bi eragileek, Errenteriako Udalak eta Olatukoop-ek, lankidetza proiektu bat abiatu dute, pertsonen beharrei erantzungo dieten eta tokiko ehun ekonomikoa indartuko duten proiektu kooperatiboak bultzatzeko baldintzak sortzeko beharra partekatzen dutena.
Gaur goizean Torrekua eraikinean eginiko agerraldian, Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Garapen Ekonomikorako zinegotziak, eta Olatukoopeko kide diren Beñat Irasuegik eta Silvia Portelak zehaztu dute proiektua dagoeneko abian dela.
Bi fasetan
Proiektu kooperatiboak bultzatzeko egitasmoa bi fasetan garatuko da. Lehenengo fasean, beren jarduera tokiko eskalan garatzen duten gizarte-ekonomiako proiektuen egoera aztertu ondoren, laneko eremu estrategikoak zeintzuk diren identifikatuko da. Horretarako, berariazko lan mintegiez gain, herritarrei eta eragile sozioekonomikoei irekitako saioak egingo dira.
Orain arte egindako bidean hainbat erronka identifikatu dituzte, hala nola, banaketa iraunkorra, digitalizazio demokratikoa, elikadura edo proiektu kultural kooperatiboak.
Horietatik guztietatik, bigarren fasean, laguntza eta akonpainamendu profesionala eskainiko dira, bi proiektu kooperatibo bultzatzeko. Bide horretan, proiektua egiten laguntzeaz gain, tresna eta baliabideak eskainiko dituzte proiektu hori aurrera eraman ahal izateko.
Gaian interesa izan dezaketen pertsona eta eragileentzat edota proiektu bat martxan jarri nahi dutenentzat prozesua irekita dagoela adierazi dute. Horren harira, aurrerago eragileak eta herritarrak ahalduntzeko formazioak antolatuko dituzte.