Egoitza berria inauguratuko du Mindarak
Errenteriako Udalak utzitako lokal berria Markola etorbidean kokatua dago, eta ekainaren 18an estreinatuko da, jai giroan.
Mindarako hainbat kide. Eskualdean aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzearen alde hamar urte baino gehiago lanean eman ondoren, ekainaren 18an Mindara Elkarteak Errenteriako Udalak utzitako egoitza berria inauguratuko du. Egoitza hori Markola etorbidean kokatua dago.
Mindaratik egun hori jai giroan ospatu nahi dute, eta elkarteko kideei lokal berria ezagutzeko festara bertaratzeko animatu diete. Inaugurazio horretarako bi bisita antolatu dituzte: Lehena, 11:00etan izango da, eta Mindarako familiei bideratu diete; bigarrena, berriz, 12:00etan hasiko da, eta elkartea laguntzen duten erakunde eta enpresentzako antolatu dute. Horrez gain, bisiten bukaeran, paellada bazkari bat eta sorpresa polit bat egingo dituzte.
Elkartetik zehaztu dute, bazkarira joan nahi dutenek, info@mindara.org helbide elektronikora mezua bidali beharko dutela ekainaren 10a baino lehen, bazkarian egongo diren kide kopurua konfirmatuz.
