Berria Zabalik kanpaina, herriko ekonomia biziberritzeko
Kanpaina hori Berria egunkariak abiatu du eta bi fasetan gauzatuko da. Lehena, bihar hasiko da eta hilaren 20a arte egongo da indarrean.
Berria egunkariak Berria Zabalik kanpaina abiatuko du Errenteria-Oreretan herriko merkatari txikien jarduna biziberritzeko helburuarekin. Dinamika horrek Errenteriako Udalaren eta Errenkoalde merkatari eta ostalari elkartearen babesa jaso du, eta gaur goizean aurkeztu dute Aizpea Otaegi alkateak, Maika Martin Errenkoaldeko lehendakariak, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak eta Ainhoa Ibarburu Errenteria-Oreretako Kutxabankeko zuzendariak.
Berria Zabalik kanpaina bi fasetan gauzatuko da. Lehena bihar hasiko da, hilak 10, eta hilaren 20ra bitartean egongo da indarrean. Egitasmoan parte hartu nahi duten merkatariek izena eman beharko dute horretarako prestatu den online formulario batean.
Bigarrenean, berriz, herritarrek, egitasmoan izena eman duten dendetan gastua eginez, 1.000 euroko bonu baten zozketan parte hartu ahal izango dute ekainaren 6tik 14ra.
Sariak parte hartzaile guztientzat izango dira. Izan ere, batetik, Kutxabankek diruz babestuko du udalerriko dendetan gastua egiteko 1.000 euroko bonua; eta, bestetik, Berriak 1.000 euro banatuko ditu kanpainan parte hartu duten saltokien artean, Berria egunkarian publizitatean erabiltzeko.