[Elkarrizketa] «Orokorrean, ‘infragizarte’ batean bizi nintzen sentsazioa nuen»
Sanjuandarrek eta sanpedrotarrek urte luzez eskatu izan duten zuntz optikoa etxean erabiltzeko aukera eman die kooperatiba batek bizilagunei. Erabiltzaileetako bat da Iñaki Arrieta sanpedrotarra.
Urte hasieran Pasaiako EH Bilduk argitara aterako datuen arabera, San Pedroko hirigune historikoko 380 eta Donibaneko 630 ziren, une hartan, zuntz optikorik ez zuten etxeak. Aspalditik kexu izan dira bizilagunak, baina badirudi soluzioak, tantaka izanda ere, heltzen ari direla pasaitarren etxeetara: udal araudiak ahalbidetu berri du zuntza fatxadetatik garraiatzea, eta Abaila kooperatiba zumaiarra ari da, dagoeneko, kalitatezko Internetez hornitzen hainbat bizilagunen etxeak.
Kooperatibako kide Jakes Garikanok euren helburuaren berri eman du: “Herritar hauen eskaerak asetzera gatoz”. Antena bidez helarazten dute konexioa etxebizitzetara, kablea teilatuetatik jaitsiz. “Honela”, zehaztu du Garikanok, “azpiegitura prest daukagu etorkizunean zuntz optikoa hedatzeko”.
Iragan otsailean eman zuten udal arduradunek araudiaren moldaketaren berri -ezjakina da aurretik zergatik ezin izan den egin-, eta sinetsita agertu da Abailako kidea euren proiektuak bultza egin ziola aspalditik bizilagunak eskatzen ari zirenari. Izan ere, hilabete horretan bildu baitziren kooperatibako kideak Pasaiako udal arduradunekin euren zerbitzuen berri emateko. “Badirudi, gure aurrerapausoa katalizatzailea izan dela Pasaiko bi herri hauetan dagoen kalitatezko telekomunikazio eskaera sustatzeko”, mintzatu da.
Teknologia burujabetzaren aldeko apustua da zumaiarrena. “Interneteko sarbidea eta datuak multinazional handien menpe dauden garai hauetan”, funtsezkotzat jo dute bertatik bertarako auto-kudeaketa.
Aitortu du merkatuko preziorik onenak ezin eskaini dituztela gaur-gaurkoz, “enpresa txiki bat gara momentuz”, baina lehiatzeko tresnarik ez dute falta: “Eskaintzen duguna kalitatea da. Bezeroa pertsona bezala tratatzen dugu, eta ez zenbaki bat gehiago bailitzan. Gainera, telekomunikazio sare propioak bultzatzen ditugu, erabakimena herriarena izan dadin”.
Abailaren zerbitzuen erabiltzaileetako bat da Iñaki Arrieta sanpedrotarra; hilean 4 mega edukitzetik 100 mega izatera pasa da, eta kontatu du. Horratx HITZAk egindako elkarrizketa:
«Orokorrean, ‘infragizarte’ batean bizi nintzen sentsazioa nuen»
Nolatan zara Abailaren bezero?
Duela pare bat hilabete instalatu zidaten Interneteko konexio berria, eta oso ondo dabil, arrazoizko prezioan. Horrez gain, telefono finkoa ere badaukat Abailarekin; hau ere ona.
Etxeetako atarietan jarri zuten orri bat, beren zerbitzuen berri ematen. Ikusi orduko, deitu egin nien, denbora luzea baineraman aukera normal baten bila eta aurkitu ezinda. Eta, egia esan, bertako enpresa izanda, burujabetza teknologikoa eta hurbileko harremana eskaintzen duena, ez nuen luze pentsatu behar izan.
Aurretik zein konexio zenuen etxean?
Zazpi urtez egon gara segundoko 3 edo 4 MB ematen zituen antigoaleko ADSL analogiko bat sufritzen, besterik lortu ezin genuelako.
Orokorrean, infragizarte batean bizi ginen sentsazioa nuen telekomunikazioei dagokienean. Eta konfinamenduaren hilabeteak sufrikario bat izan ziren, ezinezkoa zelako emazteak eta biok etxetik lan egitea konexio harekin.
Urte hasieran San Pedroko hirigune historikoko 380 eta Donibaneko 630 ziren zuntz optikorik ez zuten etxeak. Zein azalpen eman izan zaizue herritarroi, gaur arte, egoera hori justifikatzeko?
Nire hornitzaileari eskatu nion lehenbizi zuntza jartzeko, eta gero beste hamaikari. Denek azaldu zidaten gure kalean [San Pedro kalea] ez zegoela horretarako estaldurarik. Arrazoia galdetuta, arazo administratiboak aipatzen zituzten.
Urteak daramatzazu kalitatezko Interneta galdegiten udal arduradunei.
Administraziotik hornitzaileen erantzun bera jaso izan dut beti: ‘ezin da’. Eta gure kalean duela 7 urte sare tronkala zabalduta dagoela jakinda, oraindik ez dugu ezagutzen zein den benetako eragozpena. Orain, itxuraz, dena konponduta dagoela dirudi, baina gaurko egunean inork ez du zuntz optiko konbentzionalaren bidezko konexiorik auzoan. Zaila da zer gertatzen ari den jakitea.
Loreto Osa Hirigintza zinegotziak otsailean jakinarazi zuen, legediaren aldaketa bati esker, zuntza fatxadetatik ere eraman ahalko zela.
Osak egunkarietan hori azaldu eta egun gutxitara zuntza lurpean jarrita daukan konpainia etorri zen eta, baimenik eskatu gabe, fatxadetan kable bat gehiago zintzilikatu zigun; operarioei galdetu nien. Baina bizilagunei galdetu diet, eta oraingoz ez diote inori jarri.
Eskertzekoa litzateke udalak legediaren zer zati aldatu duen esango balie biztanleei, denok gauzak argi izateko. Nik, Abailari esker, soluzioa beste bide batetik lortzeko aukera izan dut (auzokoek ere hortxe dutena). Eta, horren haritik, esan behar dut aukerarik onena izango litzatekeela sare publiko bat antolatzea, udalak berak bultzatua, hemengo enpresekin eta ez multinazionalen uztarripean. Zumaian, adibidez, egin dute dagoeneko.
Abaila Kooperatibari buruz gehiago jakin nahi duena haiekin harremanetan jar daiteke 943 56 92 96 telefono zenbakira deituz. Webgunea ere badute.