Pasaia Itsas Festibalaren egitaraua aurkeztu dute
Plangintza bitan banatu dute: programazio iraunkorra eta jarduera puntualak. Kontzertuak barruti guztietan egongo dira.
Gaur goizean Donibaneko Juanba Berasategi aretoan aurkeztu dute bi asteburu barru udalerria hartuko duen 2022 Pasaia Itsas Festibalaren egitaraua. Aurtengo programak itsas ondareari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotutako askotariko jarduerak barne hartu ditu; horiek lehorrean, lau barrutietan, nahiz uretan kokatuko dituzte.
Festibala hilaren 26tik 29ra ospatuko bada ere, motorrak berotzen hasiko dira astebeteko aldearekin, eta datorren asteazkenean, hilak 18, aurre-festibalari ekingo zaio. Lehen ontziak, dena den, hurrengo osteguneko (hilak 26) 18:00ak aldera sartuko dira bokaletik.
Gaurko prentsaurrekoan itsas jaialdiaren arduradun nagusiak egon dira, eta haietako bakoitzak esparru baten berri eman du. Izaskun Gomez alkateak hartu du lehen hitza, eta barrutiz barruti egingo diren jarduera aipagarrienak zerrendatu ondotik, gogora ekarri du sarreren salmentak helburu solidarioa izango duela aurten, PIFren parte ere izango diren Salvamento Maritimo Humanitario eta Zaporeak erakundeek jasoko baitute dirua.
Xabier Agote presidenteak uretako plangintzaren errepasoa egin du. 2018an 115 ontzi bertaratu zirela gogora ekarri eta nabarmendu du, aurtengoan, 160ra igo dela kopuru hori. Artean, bost barku handi (aurrekoan bakarra izan zen) ikusi ahalko dira badian: Marité, La Recouvrance, Shtandart, Oosterschelde, eta Ring Andersen.
Hiru une bereziri aipamena egin die Agotek: osteguneko ontzien etorrerari; larunbatean (hilak 28) lehiatuko den batelen estropada mistoari; eta ostiral nahiz igandean (hilak 27 eta 29) Shtandart ontziaren barruan programatuko diren bi ekitaldiri, kulturartekotasunarekin, errefuxiatuekin eta migranteekin lotura izango dutenak.
Harkaitz Millan, Kultura diputatua, izan da musika programa aurkeztearen arduraduna. Ostegunean, hilak 26, hiru kontzertu izango dira San Pedron: Oreka Tx, Thierry Biscary eta Pao Barreto. Ostiralean, hilak 27, Donibanen Deñe, Mugan eta Fetén Fetének emanaldiak eskainiko dituzte. Egun horretan bertan, Kyxo, Lamiak eta Liher hartuko ditu Trintxerpek. Eta hilaren 28an, larunbata, Antxon arituko dira Rumbling Libs, Arima Soul eta Fundación Tony Manero talde katalana.
Portuko Agintaritzako presidente Joakin Telleriak bi ohar egin ditu: bata, bisitariak ahalegindu daitezen ibilgailu pribatuekin etorri beharrean garraio publikoa erabiltzen, ez baita aparkatzeko lekurik egongo; eta bigarrena, segurtasun seinaleztapena zuhurki konplitu dadin portuko eremuan. Lankidetzaren bidetik jarraitzeko asmoa berretsi du Telleriak bide batez.
Jesus Maria Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeak, azkenik, Pasaia bisitatzera deitu du. “Gainera”, bukatu du, “euskal marinel batek, Juan Sebastian Elcano gipuzkoarrak, osatu zuen munduko lehen zirkumnabigazioaren bosgarren mendeurrena betetzen den urtean, gure itsas iragana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.”
Egitaraua: programazio iraunkorra eta jarduera puntualak
Arestian aipatu bezala, hilaren 18tik 29ra ia egunero egongo dira ekitaldiak Pasaian. Hala nola, Juanba Berasategin hiru proiekzio emango dituzte, mahai-inguruarekin, eta baita antzerki bat eskaini ere. Hitzaldi pare bat ere antolatu dituzte Albaola Itsas Kultur Faktorian zein Getariako Arrantzale Kofradian eskaintzeko.
Festibalaren egunetan zehar, bitan banatu dute egitaraua: programazio iraunkorra eta jarduera puntualak. Lehenaren barruan kokatu dituzte erakusketak eta standak, artisauen merkatua, lanbide tradizionalen zuzeneko erakustaldiak edo tamaina handiko itsasontzietara bisitak. Bigarren zakuan, berriz, ordu, egun eta edukiera zehatz bat duten jarduerak egongo dira.
Azken horien berri xehetasun handiz eman dute dagoeneko festibalaren webgunean. Hona hemen, dena den, programaturiko kontzertuen aurrerapen bat:
- Osteguna 26
- San Pedro. 20:00etan, Oreka TX eta Thierry Biscary. 21:30ean, Pao Barreto kolonbiar abeslaria.
- Ostirala 27
- Donibane. 18:00etan, Deñe. 20:30ean, Mugan. 22:00etan, Fetén Fetén.
- Trintxerpe. 19:00etan, Kyxo. 20:30ean, Lamiak. 22:30ean, Liher + gonbidatuak.
- Larunbata 28
- Antxo. 19:00etan, Rumbling Lips. 21:00etan, Arima Soul. 22:30ean, Tony Manero Fundazioa, Gure Zumardian.
- Igandea 29
- San Pedro. 12:00etan, Korsario abesbatza.
- Donibane. 12:30ean, Juan Mari Beltranen kontzertua Bizkaia plazan. 18:00etan, Soinuenea + Zé Francisco À volta das Guitarras, Bizkaia plazan.
Sarrerak
Ekitaldien sarrerak eskuragai egongo dira Internet bidez datorren ostiraleko (hilak 13) 08:00etatik aurrera, PIFaren webgunean, erabiltzaile bakoitzak, gehienez ere, 8 txartel eskuratu ahalko dituelarik.
Gonbidapen batzuk, dena den, San Pedroko infogunean presentzialki saltzeko erreserbatuko dituzte; leihatila hori 11:00etatik aurrera egongo da irekita egunero, eta egun horretako jardueren sarrerak bakarrik salduko dira. Pertsona bakoitzeko gehienekoa online bidearen bera izango da: 8 gehienez.
Garraioa
Birritan errepikatu dute gaurko agerraldian garraio publikoaren bidez soilik bertaratu ahalko direla bisitariak Pasaiara PIFak irauten duen egunetan, aparkalekua bertakoentzako esklusiboki erreserbatuta egongo baita. Garraio publikoaren erabilera sustatu eta errazteko, Irungo Ficoba aretoko aparkalekua doan ahalbidetuko da nornahi bertatik Pasaiara Euskotrenen bidez hel dadin.
Udalerrian barne-lineak ere prestatuko dira: Antxo eta Trintxerpe lotzen dituen autobusaren, Trintxerpe-San Pedro ibilbidea egingo duen Txu-txu trenaren edo badia uretatik lotuko duen ontzi zerbitzuaren bidez egin ahal izango dira lekualdaketa horiek.
Ur bidezko garraioa lau motora zerbitzuren bidez egingo da, Trintxerpetik Donibaneko Bizkaia plazara eta San Pedrotik Donibaneko Santiago plazara egingo dute bidea.