Bertsolariak, Errenteria-Oreretako eta Oiartzungo adinekoen egoitzetan
Aldundiaren eta Lankuren ekimenez hemezortzi bertso saio egingo dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, bi Oarsoaldean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk Adin-adin iniziatibaren saioak antolatu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Horren oinarria da, herrialdeko hemezortzi egoitzetan bertso saioak egingo dituztela. Oarsoaldeko saioak bi dira, Errenteria-Oreretako Jesusen Bihotza egoitzan, eta Oiartzungo Petra Lekuonan egingo dituzte.
Maite Peña Gizarte Politika diputatuak azaldu du adinekoen “gozamenerako” izango direla saioak, eta horien garrantzia eta “onura” goretsi ditu, “emozioetara iristen den tresna baita bertsoa”. Hala, adinekoentzako “terapeutikoki eta ludikoki” jarduera oso adierazgarria dela azaldu du diputatu errenteriarrak, eta adinekoen parte hartzea eta euren arteko harremana hobetzeko baliagarri dela. Saioetarako aurrez prestatzen dituzte egoiliarrek eta dinamizatzaile nahiz animatzaileek.
Errenteria-Oreretako Jesusen Bihotza egoitzako saioa hilaren 25ean (asteazkena) izango da, eta Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariek parte hartuko dute. Oiartzungo Petra Lekuonakoa, berriz, hilaren 27rako zerrendatu dute (ostirala) eta bertan bertsolari Alaia Martin eta Jon Martin ariko dira. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei, iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten dizkie. Eragin oso positiboa du horrek”, zehaztu du Peñak.