Ehunka dantzarik Trintxerpe astinduko dute hilaren 21ean
300 dantzari inguruk parte hartuko dute hilaren 21eko Gipuzkoa dantzan jaialdian; artean, eskualdeko bost talde egongo dira.
Illunbe Musika Elkarteak, Pasaia Musikalek eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak elkarlanean antolatu dute jaialdia. Illunbe Musika Elkartearen 50. urteurrenagatik antolatzen ari diren ekitaldi nagusietako batek datorren asteko larunbatean (hilak 21) hartuko du lur Trintxerpen: Gipuzkoa dantzan egitasmoak 300 dantzari elkartuko ditu Pasaiako barrutian.
Programa 17:30a aldera hasiko da, eta 20:00ak pasata bukatu. Hauexek izango dira parte hartzaileak: Herri Arte eskola (Errenteria-Orereta), Lintxua dantza taldea (Donibane), Murixka dantza taldea (Lezo), Illunbe dantza taldea (Trintxerpe), Ereintza dantza taldea (Errenteria-Orereta), Goizaldi dantza taldea (Donostia), eta Sustraiak dantza taldea (Legazpi).
17:30ean desfilea Gernika plazatik abiatuko da, eta 18:00ak aldera eskainiko dute dantzariek emanaldia Gudarien plazan (euria egingo balu, frontoira lekualdatuko lukete hitzordua). 20:00etan, azkenik, Alkarkide dantzan taldearen erromeriarekin itxiko dute eguna; Serafin Esnaola plazan izango da hori.
