Iruntzen: "Zergatik ez da sortzen behingoz berdintasun mahaia?"
Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak udal gobernuak Berdintasun alorrean gabeziak dituela adierazi du, "ez dute plangintza politikorik".
Iruntzen Lezoko Emakume Taldeak ezinegon nabaria azaldu du, haien ustez udal gobernuak Berdintasun alorrean “utzikeria” duelakoan. Arlo horretako bi gabezia nabarmendu dituzte, eta udalari horien gaineko neurriak har ditzala. batetik, Berdintasun teknikariaren jarduna egun osokoa izatea nahi dute (egun %50eko jarduna du), eta bestetik, berdintasun mahaia sor dadila eskatu dute: “Zergatik ez da sortzen behingoz berdintasun mahaia, herriko plangintza orokora bat osatzeko?”.
Bi eskaera horiek indartzeko, Murgibe aholkularitza zerbitzuak 2021ean udalarentzat egindako Lezoko III. Berdintasun Planaren Ebaluazioa eta Egoeraren Diagnosia dokumentuari ere egin diote erreferentzia: “Argi eta garbi adierazten du Berdintasun teknikariak %100ean jardun behar duela, baita berdintasun mahaia sortu behar dela ere. Baina udalak ezikusiarena egiten du aurrekontu faltaren aitzakiapean”. Iruntzenek plazaratu du urte asko daramatela berdintasun mahaiaren sorrera eskatzen. Udal gobernuak berriki onartu du bigarren kultur teknikaria, eta hori, berdintasunaren alorrekoaren jardunarekin alderatu dute: “Akaso kulturak bi teknikari merezi ditu, baina berdintasunak bat ere ez? Zein da arrakala hauek onartzeko oinarria?”.
Iruntzeni “harrigarria eta penagarria” iruditzen zaio udal gobernuak herriko “proiektu serio, eraginkor eta indartsua” osatzeko aukera ez egikaritzea, “argi ikusten dugu gobernuan dauden alderdiek ez dutela plangintza politikorik. Derrigorrez betetzen dute aldunditik datorkien protokoloa minimo bat, eta hortik aurrera teknikariarengan uzten dute ardura osoa”.
Berdintasun mahairekin, herriko eragileen eta norbanakoen hitza eta beharrak hausnartuko eta landuko liratekeela uste du Iruntzenek, horiei erantzuna emateko, espazio komun amankomun batean, plangintzak era integralean landuz. “Ezin diogu garrantzia kendu pertsonen zapalkuntza tartean dagoen gai bati. Pertsonen bizitza arriskuan ez dagoen herri batean bizi nahi dugu eta horretarako lan handia egin behar da oraindik. Libre bizi nahi dugu Lezon. Guztion eskubideak era berean errespetatzen diren herria nahi dugu”.
Lezoko emakumeen elkarguneak adierazi du feminismotik elkartasuna, babesa eta sostengua lantzeko bidean jarraituko duela, “horretan sinisten dugulako”. Baina erakundeei arduratsu joka dezatela eskatu diete, herritarren berdintasunaren aldeko urratsak egin behar dituztelako haien aburuz, “eta ez dute aurpegia zuritzeko protokoloak betetzen egon behar urteak joan urteak etorri”.