[Publirreportajea] Etorkizunerako ateak zabalik dira Pasaian
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu ez duten 15 urtetik gorako ikasleek oinarrizko lanbide baten titulua, DBHko graduatua eta profesionaltasun ziurtagiria lor dezakete Pasaiako OLHUIn.
Pasaia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak (OLHUI) aukera berri bat eskaintzen die Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu ez duten 15 urtetik gorako gazteei, lan mundura zuzenean txertatu edota erdi mailako gradu baten bitartez ikasten jarraitzeko. Bigarren bidea hautatzen duenak ez du aterik itxita topatuko etorkizunean, OLHko ikasketak bukatzearekin DBHko titulua baliozkotuta izango baitu, lanbide bati buruzko formakuntza espezifikoaz gain.
Formakuntza hori bi motatakoa izan daiteke, bi ziklo eskaintzen baitituzte Pasaiako zentroan: Etxebizitzen Mantentze Lanak (Iturgintza-Beroa), eta Sukaldaritza eta Jatetxe-arloa. Horietako bakoitza formakuntza praktikoan funtsatutako bi ikasturtez osatuta dago; bigarrenean, ikasleek praktikaldia egingo dute zentrotik kanpo, sektoreko enpresetan, prestakuntza osatzeko. Bi hilabeteko esperientzia horiek askotan lehen lan kontratu batekin biribiltzen direla aitortu dute irakasleek.
30 urteko esperientzia du bizkarrean Pasaiako OLHUIko hezitzaile taldeak, eta eskarmentua badute, beraz, gazteak etorkizunerako trebatzen. Haietako bakoitzari banan-banako arreta integrala eskaintzea lehenesten dute bi urte horietan ez ezik, baita ikasketak bukatuta ere, ‘zer moduz ari zara?’ galdetzeko deiak ohitura baitituzte ikasle-ohiekin harremana mantentzeko.
Matrikulazio epea zabalik da
Aurten aurreratu da izena emateko aukera, eta dagoeneko matrikula egin daiteke 2022-2023 ikasturterako. Horretarako azken eguna hilaren 27a (ostirala) izango da.
Inskribatu ahal izateko bi baldintza besterik ez dituzte bete beharko ikasleek: 15 urte baino gehiago izatea, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulurik ez izatea.
Aipaturiko bi ziklo doakoak egiteko interesa izan dezaketen ikasleak nahiz euren familiak ikastetxearekin harremanetan jar daitezke 943 40 48 94 telefonora deituta, baita posta elektroniko bidez mezua bidalita olh-fpb@pasaia.net helbidera. Informazio gehiago webgunean topa daiteke. Nahi duenak, gainera, ateak zabalik izango ditu Trintxerpeko Bidasoa kaleko 1-3 zenbakietan dagoen zentroko instalazioak ezagutzeko.
Koro Mendarte. Altza Institutuko orientatzailea: «Institutuan ‘ilarako azkenak’ izandakoak erreferente bilaka daitezke oinarrizko lanbide heziketan»
«Orokorrean, gizartean eta ikastetxeetan ikuspegi ezkor bat dago errotuta OLHri buruz. Adimenak orotarikoak dira, eta badira kognitibo edo hizkuntza mailan hain garatuta ez dauden gazteak, baina abilezia sinestezinak dituztenak eskuekin, psikomotrizitatean eta orientazio mailan ere. Oinarrizko lanbide zentroetan aukera dute euren gaitasunak garatzeko, eta hori jakiteak, nire begiekin ikusteak, izugarrizko indarra eman dit 15 urte hezkuntza sistema horretan lanean emateko.
Orain ikastetxe arautuetan ari naiz, eta sufrimendu asko ekidin ahal diegu gazteei, eta ez bakarrik haiei, baita familiei ere, ikasketa hauek beste edozein aukera bezain duinki aurkeztuz. Institutuan ‘ilarako azkenak’ izandakoak erreferente bilaka daitezke OLHn. Oso pozik egon ohi dira, euren lanaren emaitza berehala ikusten baitute».
Olaya Moran. Pasaiako OLHUIko ikasle-ohia: «Oraindik deitzen didate [Pasaiako OLHUItik] zertan eta zer moduz ari naizen jakiteko»
«Institutuan ez nintzen gustura, errepikatu nuen eta ez nuen nire burua gai ikusten jarraitzeko. Ez nuen gogorik klasera joateko eta uste nuen ezingo nuela gehiago ikasi, baina Pasaiako OLHUIn sartu nintzen orduan, sukaldaritzan.
Sukaldaritza beti gustatu zait, amarekin kozinatzen nuen, eta bete-betean asmatu nuen ikasketa horiek aukeratzen. Praktiketan gustura ibili nintzen, eta gaur egun oraindik deitzen didate langileak behar dituztenean. Orain erdi mailako gradua egiten ari naiz Argiñanoren eskolan, eta praktiketan bere jatetxean, Aialan, Zarautzen. Ni egon nintzen egoeran dauden gazteei esango nieke Pasaiako OLHUIra gerturatzeko; izugarri lagunduko diete han, pertsona bezala adoretu eta ikasten jarraitzera animatzen dizutelako. Oraindik deitzen didate zertan eta zer moduz ari naizen jakiteko».
Alejandro Moncada. Pasaiako OLHUIko ikasle-ohia: «Epe luzean, beharbada, hotz eta bero enpresa bat sortu ahal izatea gustatuko litzaidake»
«Etxebizitzen mantentze lana ikasi nuen Pasaiako OLHUI zentroan. Horren aurretik DBHn ari nintzen, eta egia esateko, ez nengoen batere gustura, ni baino 2 urte gazteagoak ziren ikaskideekin nengoelako, bi aldiz errepikatzeagatik.
Bigarren aldiz errepikatu nuenean konturatu nintzen ezin nuela horrela jarraitu, eta aldaketa bat egitea erabaki nuen. Horregatik eman nuen izena lanbide heziketan.
Argi nuen ikasketa hauek bukatzean ikasten jarraitu nahi nuela, eta hori da egin dudana: orain erdi mailako gradu bat ikasten ari naiz Don Bosco LHIIn. Bukatzean gustatuko litzaidake hotz eta bero instalazioen mantentze lanetan aritzea, eta epe luzean, beharbada, enpresa bat sortu ahal izatea bide beretik. Egia esan, ez dut aterik itxi nahi, uste dut esfortzu eta konstantziarekin edozer lor dezakegula».
Koro Zamarreño. Koldo Mitxelenako orientatzailea: «Unibertsitateraino ere hel daitezkeela entzuten dutenean aurpegia aldatzen zaie askori»
«Badira ikasle batzuk ikastea ez dutenak gustuko, motibazio gutxi edo eza dute, nekatuta egon ohi dira, beti eskola porrotaren sentsazio horrekin… Aldaketa eskatzen ari dira. Esaten diet badagoela aukera gauza praktikoago bat egiteko. OLH zertan datzan badakite, gutxi gorabehera, baina betiko CIP hitza aipatzen dute, aurreiritzi hori oraindik badago. Nik argi uzten diet, alde batetik, ikasten jarraitzeko aukera dutela, baina lanbide bat egiten ikasten, gainera.
OLHa gaindituz gero erdi mailako gradu bat egin dezakete gero, eta askotan ez dakitena da unibertsitateraino ere hel daitezkeela. Hori entzuten dutenean aurpegia aldatzen zaie askori. Argi uzten saiatzen naiz ez direla ikasle txarrak, eta beste aukerak aprobetxa ditzaketela, hortik nahi duteneraino iristeko; ez dute aterik itxita utziko atzean».