GOT: "Amazon. Borrokak badu errentarik"
Grupo Oarsoaldea Taldeko Kepa Olaiz eta Joxe Iriarte 'Bikilak' logistika zentroa udalerrian ez ezartzearen gaineko balorazioa egin dute.
Amazonek ez du Oiartzunen zentro logistikorik ezarriko. Berriki jakinarazi du enpresak 2020. urtean martxan jarritako proiektua bertan behera gelditu dela, eta horren harira balorazioa egin dute Kepa Olaiz eta Joxe Iriarte Bikilak, Grupo Oarsoaldea Taldea GOT-en izenean. “Kalean egindako lanak bere fruitua eman du”.
Oiartzungo eta inguruko merkataritza alorreko eragile asko izan dira Amazonen planen aurka aritu direnak azken hilotan, eta horien artean egon da GOT. Jeff Bezosen erraldoiaren asmoen berri izan zutenetik elkarretaratzeak bultzatu ez ezik, merkatariekin batera zenbait propaganda iniziatiba jarri dituzte martxan, eta lortu dute Oarsoaldeko lau udalbatzek euren desadostasuna agertzea, mozio baten bitartez.
“Ez da ahaztu behar”, nabarmendu dute, “era guztietako eragileak batu garela lanketa honetan: ekologistak, sindikatuak, dendariak… eta aipatzekoa ere Oarsoaldeko instituzioek (udalek) alfonbra gorria jarri ez izana horrelako proiektu baten aurrean”. Zoriontsu agertu da GOT azken berriekin eta borrokatzeak emaitzak dakartzala aldarrikatu dute.
Lorturikoa pauso handi bat bada ere, Amazonen aurkako borrokan irmo mantentzera deitu du taldeak: “Amazon olagarro handi bat da, zeinak langileek esplotatzeaz eta ingurugiroa kaltetzeaz gain, produktu askoren banaketaren merkatua bere egin nahi duen. Horregatik lanean jarraitu beharko dugu halako multinazionalen aurka eta bertako merkataritzaren alde!”