Pasaiako areto futboleko hiru taldeak, igoerarako lehian
Play-offetan ari dira Pari Berri eta Antxo AF-ko bigarren taldea. Zuri-gorrien lehen taldeak dena du alde Bigarren B-ra igotzeko.
Antxo AF-ko lehen taldeak aurkera garbiak ditu Bigarren B-ra igotzeko. Pasaiako areto futboleko hiru taldeak kategoriaz igotzeko lehian dira. Pari Berri eta Antxo Areto Futboleko bigarren taldeak dagoeneko jokatu dituzte play-offetako finalerdietako joaneko partidak.
Antxo AF-ko lehenek, ordea, Estatuko Hirugarren Mailan liga bukatu behar dute oraindik, baina puntu errenta handia dute lehen postua bermatzeko. Asteburuan Gipuzkoa eta Euskal Kopak irabazteko aukera galdu dute, baina dena dute oraindik Antxokoek irabazteko: Estatuko Bigarren B-ra igoera.
Sanjuandarrek lehen postuan bukatu dute Gipuzkoako Lehen Mailako ligan, eta beraz, Euskal Ligara igotzeko norgehiagokan ari dira; talde gipuzkoar bakarrak lortuko du zuzeneko txartela. Antxotarren bigarrenak Gipuzkoako Hirugarren Mailan eman dute sasoia, hirugarren gelditu direlarik. Horiek igotzeko aukera handiagoak dituzte, play-offetako finalera heltzen diren bi taldeak igoko baitira Gipuzkoako Bigarrenera.
Antxo AF-ko lehen taldea
Antxo Areto Futboleko lehen taldeak aste bukaera gazi-gozoa izan du. Asteazkenean 3-2 galdu zuten Antiguokoren aurka Gipuzkoako Kopako finalerdietan, lehiatik at geldituz. Larunbatean Euskal Kopako finalerdietan Gernikaren kontra 4-2 irabazi ondoren (luzapenarekin), trofeoak esku artetik ihes egin zien igandean, finalera heldu eta 2-5 galdu baitzuten Zierbenaren aurka Gasteizen, Abetxuko kiroldegian.
Harmailak bete zuri-gorriz bete zituzten zaleek hiru egunetan, eta eskertuta agertu da taldea horregatik. Oraindik, ordea, ez dute atseden hartu, liga bukatzeko hiru jardunaldi baitituzte aurretik eta Estatuko Bigarren B-ra igoera jokoan dute antxotarrek. Hurrengo partida datorren larunbatean (hilak 21) jokatuko dute Jarrillerosen kontra.
Asteburukoa berdindu edo irabaziko balute, jada, liga irabaziko lukete duten puntu errentagatik. Hori horrela izanik ere, playoff-ak jokatu beharko dituzte antxotarrek kategoriaz igo ahal izateko. Fase horretan, sailkapenean laugarren gelditutakoen kontra izango dute finalerdia zuri-gorriek. Aldi berean, bigarrenek hirugarrenen aurka jokatu beharko lukete, eta horien artean garaile izandakoek finala izango lukete jokoan, Bigarren B-ra igotzeko txartel zuzen bakarrarekin.
Pari Berri
Sanjuandarrek joan den ostiralean Oiartzunen kontra jokatu zuten igoerako play-offetako lehen partida, 2-2 berdinduz etxetik kanpo. Bueltako lehia, beraz, erabakigarria izango du Parik, bi talde horien artean errenta gol handiena duenak soilik izango baitu finalean lehiatzeko eta, beraz, Euskal Ligara igotzeko aukera. Dena partida bakarrean jokatuko dute arrosek.
Gipuzkoako Lehen Mailako ligan lehenengo gelditutakoak (Pari Berri) laugarrenen (Oiartzun) kontra ari dira lehian. Aldi berean, bigarrenek (Teep Tolosala) hirugarrenen kontra (Eguzki Arkupe) jokatu zuten joan den asteburuan, eta tolosarrek irabazi zuten 4-6. Esan bezala, taldeek, egunotan sarturiko golekin, aldeko emaitza lortu beharko dute kanporaketetan, finalerako txartela eskuratu ahal izateko.
Finaleko irabazlea zuzenean igoko da datorren denboraldian Euskal Ligan aritzeko, eta galtzaileak, aldiz, aukera berri bat izango du bigarren geldituriko talde arabar eta bizkaitarraren aurkako norgehiagoketan (triangeluar lehian) nagusitzen bada. Izan ere, horien artean onena ere igoko baita Euskal Ligara, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko irabazleekin batera.
Antxo AF-ko bigarren taldea
Antxoko bigarren taldea ere Gipuzkoako Hirugarren Mailako azken fasean, igotzeko ateetan dago. Playoff-etako joan-etorriko lehen lehia, etxean, 6-1 irabazi zuten, DAD Kutxaren kontra, joan den ostiralean. Bueltako partidan, beraz, gol sorta hori izango dute alde, eta datorren asteburuan etxetik kanpo izango direnez, lasaigarri izango dute abantaila zuri-gorriek.
Gipuzkoako Hirugarren Mailako bi onenak igoko dira Bigarren Mailara datorren sasoian. Hori erabakitzeko play-offetan murgilduta, Jaixki, Antxo AF, DAD Kutxa eta Lauburu Ibarra daude. Hurrenkera horretan bukatu dute liga, eta horri jarraiki, lehenengoak laugarrenen aurka eta bigarrenak hirugarrenen aurka jokatzen ari dira finalerdiak, joan-etorrian.
Antxotarrek 5 goleko errenta dute dagoeneko lehiakideen aurka, eta Jaixki da beste aldean buru, 2-1 irabazi baitzuen joaneko lehen lehia. Kanporaketak datorren asteburu honetan izango dituzte jokoan, baina orain arte garaile izan direnek (Jaixki eta Antxo AF), berriro irabazi edo, behintzat, errenta mantenduko balute, finala jokatzeak ligako kopa besterik ez lioke emango irabazleari, benetako saria dagoeneko bermatuta izango bailukete: lehen bi horiek igoko dira hurrengo kategoriara.
