Antxoko istripuaren gidaria: "Matxuragatik ezin izan nuen kotxea gelditu"
Antxoberfesten, segurtasun neurriekin, jazotako intzidenteari buruzko azalpenak eman ditu gidariak. Enbragea matxuratu zitzaion.
Azken egunotan sare sozialetan nahiz zenbait hedabidetan zabaldu izan diren esamesa eta akusazio faltsuen aurrean, gertakaria testuinguruan jarri eta jazotakoaren berri eman du gidariak (anonimotasuna gordetzea eskatu du): “Matxura batengatik ezin izan nuen kotxea gelditu”.
Aski ezaguna da joan den larunbatean Antxoko Nafarroa etorbidean derrapatzen ari zen auto batek kale horretan dagoen markesina baten kontra jo zuela. Bideoa ordu gutxitan biral bilakatu zen. Ez, ordea, gertakariaren testuingurua, eta horrek hipotesi nahiz bertsio anitz piztu ditu jendartean.
Hori horrela, eta lau haizetara hedatzen ari diren “bulo eta txorakeriak” gezurtatzeko asmoz, gidariak gertatutakoa kontatu du HITZAn.
Lehenik eta behin, nabarmendu behar da auto hori arauturiko ikuskizun baten parte zela, Antxoberfest jaialdiaren barrukoa, eta ez zegoela bakarrik, beste hainbat kotxe baitzeuden etorbide horretan bertan zibarena egin eta gurpilekin kea ateratzen. “Gu gonbidatuak izan ginen”, azaldu du gidariak, “eta showak bere araudia eta segurtasun neurriak zituen; anbulantzia bat ere bazegoen”.
Kotxeen erakustaldia ikustera hurbildu ziren zaleak Nafarroa etorbidean, bidegorriaren ondoan, dagoen segurtasun hesiaren atzean zeuden. Ezjakina da, beraz, bideoan ageri diren bi gizonezkoak zergatik ote dauden autobus geltokiaren alboan grabatzen. Ikus-entzunezko horretan argi eta garbi ikusten da istripua izan zuen kotxea haiek dauden aldera zuzentzen dela, kontrola galduta, baina arduradunak argi utzi nahi izan du hori ez zela izan, ezta gutxiago ere, berariaz. “Kotxeak akats mekaniko bat izan zuen”.
Enbragea hautsi zitzaion, eta frenoak “bero-bero” zeudenez ez zuen lortu, autoaren kontrola galduta, hori gelditzerik. Horregatik jo zuen hiri-altzariaren kontra. “Istripu bat izan zen, aberiaren ondorioz ezin izan nuen kotxea gelditu”. Halako egoerak gerta daitezke automozioaren munduko erakustaldietan, eta horretxegatik daude segurtasun neurriak. “Halako ikuskizunetan egiten diren maniobrak ez dira auto batekin egiten direnak, arruntak, eta horrelako intzidenteak gerta daitezke. Kasu horretan, niri gertatu zitzaidan”.
Erakustaldia egin bitartean errepidea moztuta egon zela ere esan du gidariak, “eremu kontrolatua zen, errepidea guretzako zegoen, kanpo-faktorerik gabe”.