Hamar kontzertu Musikasteren 50. urteurrenean
Eresbil Fundazioak eta Andra Mari Abesbatzak bizirik mantentzen duten proiektua ostegunean hasi eta hilaren 28an bukatuko da.
Musikastek urrezko ezteiak egingo ditu maiatzean, eta 50. urteurren esanguratsu hori ospatzeko, hamar kontzerturekin dator Eresbil Fundazioak eta Andra Mari Abesbatzak bizirik mantentzen duten proiektua. COVID19-aren eraginez urrian egindako azken bi edizioen ondoren, aurtengoa maiatzean dator ohikoa den bezala. Musikaste ostegunean, hilak 19, hasiko da, eta hilaren 28an, larunbata, emango zaio bukaera. Jaialdiaren xehetasunak gaur eman dituzte Pello Leiñena Eresbil Fundazioko zuzendariak, Arantxa Arzamendi Andra Mari Abesbatzako presidenteak, Aizpea Otaegi alkateak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur zuzendari nagusiak.
50. urteurren esanguratsu hori ospatzeko, euskal musikaren testuinguruko obra garrantzitsuez osatutako programa prestatu dute. Jaialdia antolatzaileentzat mugarria izan da, eta landuko diren obrak, artistak eta kontzertuak aukeratzeko orduan, lanen kalitatea eta interpreteak bereziki zaindu dituzte.
Eskainiko dituzten hamar kontzertuak zortzi egunetan izango dira herriko agertoki ezberdinetan: Lekuona Fabrika, Niessen Kulturgunea, Madalena Ermita, Fatimako Parrokia, Jasokundearen Parrokia, Koldo Mitxelena Ikastetxea eta Xabier Olaskoaga plaza.
Emanaldiak ostegunean bertan hasiko dira, 19:00etan, Madalena Ermitan, Ganbera Musika kontzertuarekin. Lehen saio horretan, Maria Jose Barandiaran pianistak eta Iagoba Fanlo biolontxelo jotzaileak osatutako bikotea igoko da oholtzara. Gainerako egitaraua Eresbilen webgunean ikus daiteke.
Sarrerak
Emanaldietarako sarrerak lau modutara eskura daitezke: Eresbil Fundazioaren egoitzan (Alfontso XI kalea, 2); Lekuona Fabrikan; Musikasteren webgunean; eta leihatilan kontzertuak baino ordubete lehenago.