Amarralekurik ez duten zenbait ontzik ezingo dute portura sartu festibalean
Hilaren 27, 28 eta 29an ezingo dute portuan sartu bertan amarralekurik ez duten bosgarren, seigarren eta zazpigarren zerrendetako ontziek.
Pasaia Itsas Festibalak ekarriko duen barku kopurua dela eta, itsas trafikoa “antolatu eta kontrolatzeko” neurriak hartu ditu Pasaiako Portu Agintaritzak: hilaren 27, 28 eta 29an Pasaiako portuan amarralekurik ez duten bosgarren, seigarren eta zazpigarren zerrendetako ontzi guztiei portuan sartu nahiz egotea debekatuko zaie.
PPAko Zuzendariaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Arduradunek gogora ekarri dute behin-behineko araua betetzen ez dutenei zigorra ezarriko zaiela.