Arramendiko bizilagunek elkarretaratzea egingo dute bihar Zumardian
11:00etan izango da, eta "babestutako kontratuen jarraitasunagatik eta etxebizitzak erosi ezin dituzten bizilagunen alde" elkartuko dira.
Errenteria-Oreretako BOEetako maizterrek eta Benta Berriko Alokairu eta Kaleretzeak Stop plataformek elkarretaratzea deitu dute bihar, 11:00etan, Zumardian. Aste honetan, Jaureguizar enpresak bizilagunei bidalitako burofaxaren arabera, maizterrei maiatzaren 31ra arteko epea eman die “beren etxebizitza babes ofizialeko etxebizitzen prezioan erosten duten ala ez” jakinarazi dezaten. Hori egiten ez badute, “etxeak Errenteriako babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileei eskainiko dizkiete”, eta horrek esan nahi du “maizterrak etxegabetuko dituztela borondatez joan ezean, kontratua bukatzeagatiko etxegabetze demanda baten bidez”.
Jaureguizarrek “ultimatum” hori jarri du mahai gainean “Eusko Jaurlaritzarekin eta udalaren parte hartzean negoziazio mahaiak irekita” jarraitzen duen bitartean, “etxebizitzak erosi ezin dituzten maizterren hamar urteko kontratu babestuekin jarraitzeko”.
Maizterrek eta plataformek baietsi dute, “erosteko asmoa adierazi duten maizterrentzat ere, maiatzaren 31ko epea laburregia” dela. Errentatzaileak adierazi duenaren arabera, “15 etxebizitza daude erosiak izateko prest”.
Bizilagunek jaso duten burofaxak “familia apaletan antsietate egoera” sortu duela salatu dute “bizi alternatibarik gabe” geratuko direlako, “beren zaurgarritasun egoeragatik mailegu bat edo alokairu pribatua eskuratzea ezinezkoa” izango baitute eta “etxegabetuak izan daitezke Jaureguizarrek kontratuak bukatzeagatiko demandak jartzen baditu”. Plataformatik azaldu dute horietako bi asteartean bertaratu zirela Kaleratzeak Stop-ekin batera Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza batzordera, “egoera hori azaltzeko eta konponbideak eskatzeko”.
Horrez gain, maizterrek eta plataformek, etxebizitza bezalako ondasun sozial batekin, “enpresa jabeek beren funtzio soziala eta etekinak alde batera uztea” eskatzen dute, “are gehiago gerra ekonomikoarekin, inflazioaren igoeraren eta prekarietatearen hazkundearen egoera honetan, Jaureguizar bezalako enpresek lagundu behar dute”. Gainera, “etxebizitzak erosi ezin dituzten maizterren kontratu babestuen jarraipena bermatzeko” konpromisoarekin jarraituko dutela argi utzi dute.
Biharko elkarretaratzean, maizterrez gain, Errenteriako Udaleko zinegotziak bertaratuko direla zehaztu dute plataformatik.