[Erreportajea] Lerro gorriari buelta eman nahian
‘Beldurra’, ‘mina’ eta ‘nazka’ dira, hilekoari buruz galdetuta haur eta nerabeek aipatzen dituzten hitzak. Hitz horiek ez dira ausazkoak: imajinario kolektiboan txertatutako ideietatik datoz.
Egun batean, lehen aldiz, kuleroak marra gorri batez margotuta topatuko ditu neska edo gorputz menstrual batek. Egun horretan sartuko da urte luzez biziko duen hilekoaren zikloan. Ordura arte hilekoari buruz jasotako informazioak egun hori eta etorriko direnak modu batera edo bestera bizitzea baldintzatuko dio, eta, hain zuzen, horretan dabiltza Irungo Ara! Gorputz eta Oiartzungo Lore Gorri egitasmoak: hilekoari buruzko dibulgazio lanetan, horien artean, lehen hilekoa.
“Nazka, mina eta beldurra dira hilekoari buruz galdetuta 8, 9 eta 10 urteko haurrek gehien errepikatzen dituzten hitzak”, adierazi du Enara I. Dominguez Ara! Gorputzeko kideak. Ezezaguna den zerbaiti beldurra izatea normala dela gogorarazi du Maddalen Aristegi Sanchez Lore Gorriko kideak, eta hor guraso nahiz hezitzaileek lehen hileko horren aurrean bidelagun izateko aukera dutela. “Nola? Beraien esperientziatik hasita. Besteak entzuten, nolako bizipenak dituzten jasotzen eta denen artean hausnartzen ea zer egin dezakegun”, gaineratu du. Ikastetxeetan lanketak 8 urteren bueltan hasten dituzte, baina etxean lehenago ere has daitezkeela nabarmendu dute, modu guztiz organikoan, kopa ikusi dutelako edo odola, norberaren jakintza eta prozesua partekatuz. Edozein kasutan, haurra prest egotea garrantzitsutzat jo du Lore Gorriko kideak, “niretzat agian iritsi da hitz egiteko eguna, baina haurrarentzat ez”.
Bide horretan, ordea, mitoak eta ezjakintasunak guztiz txertatuta daude gizartean. Haurrek oraindik hilekoa zer den jakin aurretik telebistatik mezuak jasotzen dituzte, iragarkien bidez, esaterako: “Konpresa eta tanpoien iragarkietako ondo sentitu zaitez, seguru sentitu zaitez bezalako esaldien atzean dagoen mezua da hilekoa zikina dela, deseroso sentituko naizela, eta ez naizela seguru sentituko”, adierazi du Aristegik. Horrek psikean osatzen den imajinarioa “lokazten” duela deritzo.
Hori erabat lotuta dago nazkarekin ere, ikusi besterik ez dago iragarkietan odola bikoizten duen likido urdina eta aipatzen den usaina. “Oso kuriosoa da. Odola oso presente dago telebistan, bideo-jokoetan… eta hilekoa denean, berriz, desagertzen da”, adierazi du Dominguezek. Hori, odola “ez-ikusgarri” bihurtzeko mekanismo bat dela iritzi dio, ezkutuan mantendu, eta tabu izaten jarraitzeko. Halaber, odolak usainik ez duela gaineratu du “badu metalarena, baina tanpoi edo plastikozko konpresen usaina kimikoa da”. Ildo horretatik, hileko odolarekin egindako marrazkiak lantzen hasi dira, “hasieran kostatzen zitzaidan, baina, orain, marrazkiak eramaten ditugu eskolara, eta aho zabalik geratzen dira”.
Ikastetxeetan egiten duten lanketa marrazkietatik abiatzen du Lore Gorrik ere. Kasu horretan, ordea, hilerokoa zer den marrazteko eskatzen diete. “Biologikoki oso jantziak daudela ikusten dugu, baina harago ez dago ezer”, jakinarazi du. Hilerokoa biologikoki edo ugaltzeko balio duen zerbait bezala ulertzen dute, baina ikuspegi hori zabalagoa dela zehaztu du, “ziklikoa, soziala, psikologikoa eta anbientala da”. Izan ere, hilekoa odola isurtzea baino gehiago da, eta gizartearen ispilutzat dauka Aristegik, “gizarteak espero du pertsona lineal batzuk izatea, baina guri ziklizitateak eskaintzen diguna ez doa lerro horretan”.
Paradigma aldaketa
Egungo gizartea “lineala” dela bat dator Dominguez ere: “Beti egon behar gara ondo, alai, produktibo… eta, era berean, bizitzan pauso batzuk eman behar ditugu, ikasi, unibertsitatera joan, ezkondu, haurrak izan… Guk ziklizitatetik paradigma baten haustura ekartzen dugu”.
Zikloaren barruan, lau fase edo arketipo daudela azaldu du Ara! Gorputzeko kideak: obulazio aurrea, obulazioa, aurre hilekoa edo hilekoa. Lau fase horien artean hormonen dantza bat gertatzen da, obulazio aurrean estrogenoena eta aurre hilekoan progesteronarena. Estrogenoek aktibatu egiten dute gorputza: “Indartsu eta boteretsuago gaude, gorputz normatiboarekin gertuago gaude. Askotan pentsatzen dugu ‘ni hau naiz, eta beste niak gaizki daude’”. Progesteronak, berriz, lasaitu egiten du gorputza. “Lasaitasun horrek talka egiten du guztiz abiadura handiko sistema honekin, eta haserretzen gara, frustratzen gara…”, adierazi du Dominguezek.
Zikloa urtaroen bidez azaltzen dute Lore Gorriko kideek, udaberria litzateke aurre obulazioa, uda obulazioa, udazkena aurre hilekoa eta negua hilekoa. “Oso polita da tailerretan galdetzea nola definitzen dituzten urtaroak. Urtaro batekin daukaten harremanaren arabera, segur aski harreman bera izaten dute barneko zikloarekin”, esan du Aristegik. Fase batean edo bestean egon, denak pertsona bera osatzen dutela nabarmendu du, “batzuetan ez zaigu gustatuko aspektu edo emozio bat eta bestea maiteko dugu, baina denak gara gu”. Horrekin lotuta, norberaren gorputza maitatzen ikasteko prozesua martxan jarri den bezala, psikean ere badela lana gogorarazi du.
Lore Gorriren tailerretan ziklogramak egiten dituzte zikloan zehar bizitako sentipenak jasotzeko: “Nekea, mina, haserrea edo dena delakoa sentitzen dugun momentuan gure buruari galdetu behar diogu ea ziklo guztian begiratu eta errespetatu naizen, edo kanpora begira egon naizen; gorputz edo emozioei kasu egin diedan, nola zaindu naizen…”. Autoezagutzaren bidetik mintzatu da Aristegi, baita Dominguez ere: “Guretzat hilekoa autoezagutza tresna bat da, ezagutza kolektibo bat emateko”. Gizartea doan abiaduran, askotan ez dio norberak bere buruari erreparatu edo zaintzen, baina gomendatzen dute egunean 5 minutuz erregistroa egitea, “gorputzari galdetu nola dagoen, zein min ditudan, zein pentsamendu… eta horren bitartez zikloa ezagutzea”, azaldu du Dominguezek. Eta autoezagutzearekin batera, hitz egitea: “Errebolta feminista lagun batekin hasten da”.
Minarekiko kezka
Gaztetxoentzako beste kezka iturri bat mina da. Dominguezek minaren gainean hausnartu beharko litzatekeela iritzi dio, berez, hilekoak ez lukeelako min handiegirik eman behar. Hala ere, min hori zikloaren norabideari lotua dagoela uste du, eta, oro har, sistemari. “Gure uteroak uzkurtuak ditugu, abiaduran goazelako; kontraituak daude, zama asko ditugulako, exigentzia asko, prekarizazio asko…”. Hilekoa ateratzeko momentuan, uteroak kontrakzio batzuk egiten ditu sortu den endometrio guztia botatzeko, “beraz, zenbat eta uzkurtuago egon, geroz eta min gehiago”. Gorputz menstrualak ziklikoak diren heinean, gainera, min bat bueltaka edo ezkutuan egon daitekeela ohartarazi du.
Minarekin batera aurre hilekoaren sindromea edo endometriosia aipatu ditu. Aurrehilekoaren sindromea emakumeen %60k jasaten dute. Endometriosisa, berriz, oso gaixotasun mingarria izaten da, eta batez beste zortzi urte behar izaten dira diagnostikatzeko. “Kanpotik ez digute sinisten mina dugunean. Emakumeen gaixotasunak bigarren mailakoak dira”. Horrek, gainera, neska bera egoera emozionala edo mina zalantzan jartzera eraman dezake. “Zenbat aldiz esan ote diogu gure buruari beste norbait gure egoera berean dagoela entzutean, ‘ah, ez nago erotua’?”. Erika Irusta pedagogoaren ez nago eroa, ziklikoa naiz mezua gogorarazi du Dominguezek: “Norbera balioztatu, besteekin partekatu eta elkar sinestea, hori da guretzat iraultza”.
Mina bera ere lehen planoan jarri da azken aldian, Espainiako Gobernuak hilekoa dela-eta baja hartzeko aukera ireki duelako. Izugarrizko harrabotsa sortu da. Aristegi eta Dominguez bat datoz oraindik goizegi dela ondorioak ateratzeko. “Baina maila sakonean paradigma aldaketa eskatzen ari gara, eta horrek izan behar ditu erreakzioak, guztia ukitzen dugulako”, esan du Ara! Gorputzeko kideak. Etsituta azaldu dira, ordea, konpresa eta tanpoien BEZa %10etik %4ra jaisteko erabakia bertan behera geratu delako.
Bestalde, %21ekoarekin segituko dute oihalezko konpresek. “Kapitalismoak eremu guztiak hartzen ditu. Astakeria bat da”, adierazi du Aristegik.
Ikastaroak Irunen
Ara! Gorputzen hurrengo saioa gaur bertan izango da Irunen: Lehen hilerokoan laguntzen. Irakasleei zuzenduta egongo da, eta bigarren saio bat egingo dute haur eta helduekin, ekainaren 3an. Bi saioak Palmera Monteron izango dira, 18:00etan, eta aurretik izena eman behar da info[abildua]aragorputz.eus-en. Lore Gorrik ere hainbat tailer eta ikastaro eskaintzen ditu. Informazio gehiago: Lore gorri-ren Instagram eta Facebooken.