Euskara ikasteko 35.400 euroko diru laguntza lerroa aurkeztu du Lezoko Udalak
Sei diru laguntza eskatzeko aukera dute hala nahi dutenek. Euskara ikasteagatik eskatzen direnen epea uztailaren 1ean bukatuko da.
Lezoko Udalak euskara ikasi nahi dutenentzat prest duen diru laguntza lerroaren berri eman du. Zeregin horretarako 35.400 euro bideratu dituela jakinarazi du Ion Pombar Euskara zinegotziak. “Urtero, hainbat diru laguntza eskaintzen ditugu Euskara sailetik hizkuntza sustatzen laguntzeko. Adibidez, euskaltegiko matrikulen %100 itzultzen dugu”, zehaztu du zinegotziak. Laguntza horien berri emateko agerraldia egin dute Pombarrek berak, Jesus Martiarena alkateak, eta Jexux Mari Iraola Euskara teknikariak.
Horrela, diru laguntza jaso dezaketen sei jarduera daudela adierazi du udalak. Euskaltegian euskara ikasteagatik diru laguntza eskatzeko epea uztailaren 1era artekoa da. Beste botak urtean zehar eskatzeko aukera dago.
- Euskaltegian euskara ikasteagatik, Lezoko Udalak matrikularen %100 itzultzen die ikasleei, baldin eta asistentzia %85etik gorakoa bada.
- Unibertsitateko udako euskarazko ikastaroak jasotzeagatik laguntzak jaso daitezke, Udako Euskal Unibertsitatean nahiz Euskal Herriko Unibertsitatekoak.
- Aisialdiko begirale-zuzendari ikastaroak egiteko diru laguntzak eska daitezke.
- Elkarteen edo erakundeen lokaletako edota merkataritzako enpresetako errotuluak euskaraz jartzeko diru laguntzak eska daitezke.
- Interneteko ‘.eus’ domeinua ezartzeko diru laguntzak eska daitezke.
- Udalerriz gaindiko eremuetan euskara sustatzen dabiltzan erakundeek diru laguntza eskaera egin dezakete.
Deialdiaren berri zehatzago izateko, joan Lezoko Udalaren webgunera.