Ipuin kontaketa parekidea egingo dute Oiartzunen, Parean Elkartearen eskutik
Haizea Loira Matxiñenak eskainiko du saioa, hilaren 10ean. "Haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea" du helburu saioak.
Ipuin kontaketa parekide saioa eskainiko dute datorren astean Oiartzunen, Parean Elkarteak antolatuta. 7 urtetik gorako haurrentzako hainbat saio antolatu dituzte, eta horietako bat herrian egingo dute, hilaren 7an (asteartea da).
Elkarteko kideen asmoa, haien arabera, “haur literaturaren industrian parte hartzen duten egile eta agente ezberdinekin generoaren inguruko hausnarketa prozesu bat irekitzea” da. Saioen helburua, finean, “haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea” da, “eztabaida eta kezka hau gizarteko zenbait esparrutara zabalduz”.
Saioa Oiartzungo udal liburutegian (Manuel Lekuona bibliotekan) izango da, Haizea Loira Matxiñena ipuin kontalari, musikoterapeuta, musika irakasle eta aldi berean musikariarekin. Saioari Berdintasunari konta eta kanta izena jarri diote. 17:30ean hasiko dute.