[Galeria] Errenteria Atletismo Taldeko gazteenak, bikain
Denboraldia bukatzear denean, domina, garaipen eta lorpen ugari lortu dituzte taldeko kimuek eta infantilek.
Atletismoko gazteen denboraldia bukatzear denean, Errenteria Atletismo Taldeko parte diren kimuek eta infantilek sasoi bikaina osatu dute. Kimuek, 10 eta 12 urteko gazteek, urte borobila egin dute. Txapelketak bukatu dituzte dagoeneko, baina denboraldia hilaren 17an itxiko dute. Orotara 25 kimuk hartu dute parte urte osoan zehar egin diren topaketetan eta txapelketetan. Apirilean eta maiatzean egin ziren Gipuzkoako Txapelketetan, 11 domina lortu zituzten hainbat modalitatetan: 60 metro hesiak, 150 metro hesiak, 150 metro, luzera jauzia, jauzi hirukoitza, pisu jaurtiketa, pilota jaurtiketa eta 4×60 metroko erreleboak.
Horrez gain, maiatzaren 15eko kluben arteko Gipuzkoako Txapelketan, nesken taldeak hirugarren postua lortu zuen, eta emaitza horiek guztiek datorren denboraldia ilusio handiarekin hartzea eramango diete.
Bestalde, infantilei dagokionez, 7 domina lortu zituzten Gipuzkoako Txapelketetan hainbat modalitatetan: 80 metro, 80 metro hesiak, 220 metro hesiak, 220 metro, luzera jauzia, jauzi hirukoitza eta xabalina jaurtiketa. Gainera, maiatzaren 8an eginiko kluben txapelketan, oso emaitza onak lortu zituzten bi taldeek: neskak laugarren izan ziren, eta mutilak, bosgarren.
Lorpen horiez gain, taldeko sei kirolarik Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolatutako Aste Santuko campusean parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, eta horietako bost, Euskadiko Txapelketan izan ziren maiatzaren 28an. Azken txapelketa horretan, marka pertsonalak hobetzeaz gain, guztira lau domina lortu zituzten, urrezko bi, eta zilarrezko beste bi.
Hona hemen denboraldiko kimuen eta infantilen hainbat argazki. Argazkiak: Errenteriako Atletismo Taldea.