[Galeria] Euria ez da traba izan Antxoko sagardozaleentzat
Larunbat goizean Muxikoek hartu zuten Gure Zumardia, eta arratsaldean plaza bete zuten sagardoaren zaleek, txorrotak irekitzerako.
Gure Zumardia, jendez lepo, joan den larunbat arratsaldean. [Argazkia: Erik Salazar]. Euriak atsedenik eman ez zuen arren, giro ederrean joan zen larunbatean XXVII. Antxoko Sagardo Eguna. Goizean Antxoko Muxiko Elkarteak musika eta dantzaz blaitu zuen Gure Zumardia, eta horiek bazkaltzera alde egiterako hasi ziren sagardoaren festarako prestalanak.
17:30a inguruan hasi ziren sagardoa dastatzeko basoak saltzen, eta 18:00etan txorrotak ireki zituztenean hasi ziren bizilagunak, tantaka, Antxoko plaza hartzen. Konturatzerako, eta tartez tarte euria egin bazuen ere, beteta zen Gure Zumardia, eta hala mantendu zen postuetako sagardo botila guztiak bukatu bitartean.
Horra hor larunbatak Antxon utziriko zenbait argazki; Erik Salazarrenak dira Sagardo Eguneko gehienak.
