Euskal Herriko Sega Txapelketa, larunbatean, Oiartzunen
Hilerriko zelaian ariko dira segalariak, 18:00etatik aurrera. Heldu, gazte eta haurrek parte hartuko dute larunbatekoan, emakume zein gizonezkoek.
Larunbatean (hilak 11) Euskal Herriko Sega Txapelketaren jardunaldi bat jasoko du Oiartzunek. Almitza elkarteak jakinarazi duenez, hilerriko zelaian lehiatuko dira segalariak, 18:00etatik aurrera. Hirugarren jardunaldia izango da larunbatekoa, aurretik bi jokatu baitituzte, Basaburuan (Nafarroa) eta Altzon (Gipuzkoa) hain zuzen.
Heldu, gazte eta haurrek parte hartuko dute larunbatekoan, emakume zein gizonezkoek. Kategoriaren araberako belar sail bat ahalik eta azkarren eta txukunen moztu beharko dute segalariek. Epaileek lanaren txukuntasuna aztertuko dute, eta honen baitan denbora zigorrak erantsiko dituzte. Hau da, denbora zigor hori saila mozteko behar izan duten denborari gehituko zaio.
Emakumezko helduek 35 metro koadroko azalerako saila moztu beharko dute; gizonezkoek aldiz, 100 metro koadrokoa.