Ttanttaka konpainiak 'Sexberdinak' lana taularatuko du Oiartzunen
Hilaren 19an (igandea da) izango da emanaldia, Haurtzaro Ikastolako jantokian. Sarrerak dagoeneko eskura daitezke, bost euroan.
‘Geuretik sortuak’ zirkuituaren barruan, Ttanttaka teatroak Sexberdinak antzezlana taularatuko du Oiartzunen datorren hilaren 19ean (igandea da), Haurtzaro Ikastolako jantokian hain zuzen. Sarrerak dagoeneko eskura daitezkeela jakinarazi du udalak, bost euroren truke, Garmendi txokolategian.
Antzezlan honetan Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta dira protagonista nagusiak. Ttanttaka konpainiak Arrigorriagan (Bizkaia) egindako egonaldian sortutako lana da.
Sinopsia: Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta.