Larunbatean zabalduko dute udako igerilekua
Larunbatetik irailaren 11ra bitarte egongo da zabalik, hiru hilabetez zehazki. Soilik abuztuaren 3an itxiko dutela jakinarazi du udalak.
Uda iristear den honetan, udalak jakinarazi du larunbatean (hilak 11) zabalduko dutela udako igerilekua. Larunbatetik irailaren 11ra bitarte zabalik egongo da, hiru hilabetez zehazki. Ekaineko, abuztuko eta iraileko ordutegia 11:00etatik 20:00etara izango da, eta uztailekoa aldiz, 10:00tatik 21:00etara. Abuztuaren 3a, herri jai eguna izanik, itxita egongo dela aurreratu du udalak.
Elorsoro kiroldegiko bazkide direnek bazkidetzan jasoko dute udako igerilekuaren zerbitzua; bazkide ez direnek ordea, bonuak eta eguneko txartelak erosi ahalko dituzte. Hala, familien bonuak 130,25 eurokoak izango dira; 16 urtetik gorakoenak 97,70 eurokoak; eta 16 urtetik beherakoenak 61,25 eurokoak.
Eguneko sarrera 7,75 eurokoa izango da (16 urtetik beherakoek 3,90 ordaindu beharko dituzte). Sarrera hauek bosnaka ere erosteko aukera izango dute oiartzuarrek: helduen bonuak 30,90 euroko prezioa izango du eta gazteenak 15,55 eurokoa. Bost urtetik beherako haur guztiek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.