Udako solstizioko suak egiteko baimena eskatu beharko dute oiartzuarrek
Hilaren 23an (osteguna da) sua piztu eta haren bueltan elkartuko dira herritarrak, eta "ingurumen zein pertsonen segurtasuna baldintza guztiekin egingo direla bermatu" nahi du udalak.
Udako solstizioa hemen da (hilaren 23an, osteguna, izango da), eta orduan herriko auzoetan sua piztu eta haren bueltan elkartzeko ohitura berreskuratu nahi du udalak. Horren harira, udalak jakinarazi du “suak ingurumen zein pertsonen segurtasun baldintza guztiekin egingo direla bermatu” nahi duela, eta horretarako, egingo diren suak erregistratu beharko dira udaletxean, online bidez edo bertan (hilaren 17a baino lehen).
Eskatzailearen datu pertsonalez gain, sua non egingo duten zehaztu beharko da. Udaltzainak arduratuko dira su-pilek segurtasuna bermatzen dutela ziurtatzea. Pila ezingo da hiru metro baino handiagoa izan, eta erregai solidoak erre beharko dira. Eraikin, linea elektriko, instalazio, altzari eta ibilgailuetatik gutxienez 15 metroko distantziara egin beharko direla zehaztu du udalak, eta ezingo dela sua urbanizatutako zoladuraren gainean egin.
Zalantzak, 943 49 33 11 telefono zenbakian argituko dituzte.