[Erreportajea] Gazte Eguna: berritzailea bai, baina ohiturak mantenduz
Oreretako Gazte Eguna prestatzeko azken zereginetan daude antolatzaileak. Aurtengoa ekainaren 25ean, larunbata, izango da, osotasunean antolatutako egitarau zabal eta eraldatzailearekin.
Aurtengo Oreretako Gazte Eguna gainean da. Egun handia ekainaren 25a izango da, eta egun hori behar bezala ospatzeko, askotariko proposamenekin datoz, egitarau zabala osatu dute. Laia Urretabizkaia eta Asier Ventimiglia Gazte Eguna antolaketa taldeko kideetako bi dira, eta egun horretako xehetasunak eta prestatu duten egitaraua azaldu dituzte.
Jakina da azken bi urtetan pandemiak dena hankaz gora jarri duela, eta egoera horrek Gazte Egunean ere eragina izan duela. Orain, baina, pandemiaren arrastoak baretu diren honetan, eguna osotasunean berreskuratu dutela baietsi dute kideek: «Bi urte zail pasa ditugu. Aurreko urtean Gazte Eguna egin genuen, baina neurriekin eta ordutegiekin. Aurtengoa, berriz, lasaitasun handiagoarekin antolatu dugu, eta egitarau oso batekin gatoz. Gogotsu gaude».
Gazte Eguna azken hilabeteetan egin duten ibilbidea biribiltzera datorrela eutsi dute antolatzaileek. Horren harira, gazteen artean eraldaketa bat beharrezkoa zela antzeman zuten, eta horren gaineko lanketa egiteari ekin zioten. Hori dela eta, «moskeo kanpaina» bat abiatu zuten, Hi gazte, esnatu! izenekoa: «Planteatu genuen belaunaldi aldaketa bat egitea beharrezkoa zela. Jende berria erakarri nahi genuen, ulertuz herrian aniztasuna dagoela eta hori ere Gazte Egunean irudikatu behar zela. Gainera, bi urteren ondoren, pentsatzen egon ginen nola emango genion bultzada, aniztasunari begira eta balore batzuk landuz, egun solidoago bat osatzeko».
Hilaren 25eko egunari dagokionez, eduki ugariz betetako egitarau zabal eta anitza prestatu dute. 10:00etan, herri kirolak egingo dituzte Lehendakari Agirre plazan; 13:30ean, argazkia aterako dute Don Viton egindako muralean; 14:00etan, ekitaldia egingo dute Xenpelarren; 14:30ean, Xenpelarren bazkalduko dute, eta aukera beganoa izango du hala nahi duenak; 17:00etan, elektrobungalowa eta poteoa izango dira; 20:00etan, afari eskaintza egongo da gaztetxean aukera beganoarekin; eta 22:30ean, kontzertuen unea hasiko da gaztetxean. Kontzertuen artean, Dragshow bat egongo da: Albina Stardust eta Divina Comedia. «Apustu handia izan da haiek ekartzea, izaten ditugun kontzertuak beti genero berekoak direlako», azaldu dute. Erromeria ere izango da.
Aurreko urtean abiatu bazuten ere, «hutsuneak» izan zituela onartu dute. Protokolo feministaz ari dira: «Erasoen aurrean protokolo feminista bat aktibatuko dugu. Sortzeko beharra ikusten genuen, eta osatuagoa dator honakoa. Puntu more bat edo kontakturako telefono bat jarriko ditugu».
Ohiturak mantenduz
Aurtengo Gazte Eguna berritasunekin badator ere, ez dituztela ohiturak alde batera utziko zehaztu dute. Aurten 27 urte beteko dira Ibon Zabala herriko gaztea Gazte Egunean hil zela, eta urtero egiten duten bezala, gogoan izango dute: «Gazte Egunak forma ezberdinak hartu ditu, eduki ezberdinak landu dira, baina zutabe hori hor dago, eta Ibon beti izango dugu gogoan».
Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko Sindikato, Landare eta Arkaitza tabernetan, 12 euroan.