Gure Eskuk zenbait ohar luzatu dizkie oiartzuarrei, uztailaren 2rako
Era berean, egunean bertan Oiartzunen antolatu duten egitarauaren berri eman dute, "Pirinioetako Bidea" egitasmoaren baitan.
"Pirinioetako Bidea" ekimenaren baitan, honakoa da GEk antolatutako egitaraua; kalejira, animazioa eta autobusen irteera barne. Datorren uztailaren 2rako “Pirinioetako Bidea” ekimena antolatu du Gure Eskuk, Kataluniako zenbait elkarterekin batera. Hala, Euskal Herria eta Katalunia arteko hirurehun gailurretik gora argiztatuko dituzte gau horretan zehar. Bada, ekimena antolatzen dabilen Oiartzungo Gure Eskuk zenbait zehaztapen egin ditu, baita eguneko egitarauaren berri eman ere (albistearen argazki nagusian ikusgai dago).
Oiartzuarrak, aukeran, Bianditz, Errenga edo Aiako Harrira igo beharko dira, hiru tontorrok gaueko 22:15 inguruan argiztatuko dituztelarik. Antolatzaileen arabera, lehen bi tontorrak edonorentzat dira irisgarriak; hirugarrenak, ordea, zailtasun-maila bat duela aitortu dute antolatzaileek. Tontor irisgarrietara joateko, izena Gure Eskuren web orrialdean edo gaur (ergoienen), ekainaren 17an (plazan), 24an (Altzibar), zein uztailaren 1ean (plazan) jarriko duten mahaian eman daiteke. Aiako Harrira igotzeko, ordea, mezua bidali behar da helbide elektroniko honetara. Parte hartzaileek frontala, berokia eta afaria eramango beharko dute gauerako.
Ekimenean izena emateko prezioei dagokienean, parte-hartzeak hamar euro balioko ditu oro-har, asegurua eta antolaketa gastuak barne. Federatuek zein hogeita bat urtez azpikoek, aldiz, bost euro ordaindu beharko dituzte bakarrik. Hortaz guztiaz gain, autobusez igoko dituzte oiartzuarrak. Era horretan, arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Olaldeko biribilgunetik, eta joan-etorriak bost euro balioko ditu. Ekimena dela eta, Artikutzako bidea Lekungarain moztuko dute, arratsaldeko 18:00ak eta gaualdeko 01:00a artean.
