Oarsoko traineruek Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute asteburuan
Igandean Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen Hondarribiko uretan. Eguraldia nahasia bezain aldakorra izan zuten arraunlariek.
Igandean Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen Hondarribiko uretan. Eguraldia nahasia bezain aldakorra izan zuten arraunlariek: euria, haizea, ostarteak, beroa eta hezetasuna. Lehiaketa goizeko 11:00etan hasi zen eta eremua hobetzen joan zen egunak aurrera egin ahala. Arraunzale eta jarraitzaile ugari hurbildu ziren kai muturrera arraunlariak animatzera. Jardunaldian Gipuzkoako hogeita lau traineruk parte hartu zuten titulua nork eskuratuko.
Oarso bidasoko hontzi denak bertan izan ziren. Nesketan Hibaika bosgarren (11:09,02) izan zen Hondarribiaren aurretik (11:15,76). Mutiletan berriz Hondarribia garaile (19:59,52). San Pedrok bosgarren postua (20:49,16) eskuratu zuen. Haien atzetik sanjuandarrak izan ziren, seigarren (20:57,42). Errenteriarrek hamargarren amaitu zuten (21:44,00) eta trintxerpearrek berriz, hamabigarren (23:19,62).
Podiuma
Beteranoen mailan Badok 13k irabazi zuen (10:49,13), bigarren Fortuna izan zen irabazleengandik bi segundo eskasera (10:51,18). Hirugarren, Zumaiarren trainerua izan zen (11:11,00).
Emakumezkoen mailan Oriok aise irabazi zuen (10:44,64) , bigarrenari , tolosarrei, hamar segunduko aldea ateraz (10:54,88). Segundo gutxiren bueltan, hirugarren Donostia Arraun Lagunak-en trainerua izan zen (10:56,24).
Gizonezkoen mailan Hondarribiak (19:59,52) bandera eta titulua eskuratu zituen hirugarrenez jarraian. Oraingo honetan etxeko uretan gainera. Donostiarra bigarren izan zen (20:06,94). Barruko ziabogara parekatuta heldu ziren Euskolabel Ligako bi ontziak, baina Donostiarrak espaldinaren soka puskatu eta zailtasunak izan zituzten lehiari eusteko. Hirugarren Orio izan zen (20:18,64) hondarribiarrengandik hemeretzi segundotara.
Euskadiko Txapelketa
Igandeko txapelketa, aldi berean, Euskadiko Traineru Txapelketan parte hartzeko sailkapen estropada izan zen. Beraz, honako ontziek eskuratu zituzten txapelketa handirako txartelak: Emakumezkoetan, Orio, Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra. Eta gizonezkoetan, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Getaria.
Hona hemen Gipuzkoako Txapelketako argazki batzuk: (Argazakiak Josu Zelaiaranenak dira)