Errenteriarrek azken erailketa matxista salatu dute kalean
Mugimendu Feministak estrukturala den arazoari irtenbidea emateko, eta eraldaketa soziala burutzea eskatu du egin berri duen kontzentrazioan.
Mugimendu Feministak Errenteria-Oreretako kaleak hartu ditu gaur arratsaldean Barakaldoko erailketa matxista salatzeko asmoz. Niessengo enparantzan bildu dira herritarrak, eta bertan salatu dute erailketaz nazkatuta daudela. Kontzentrazioan alderdi ezberdinetako kideak eta herritar ugari egon dira.
Kalera irteten jarraituko dute jakitera eman dute, eta estrukturala den arazoari konponbidea ematea eskatu dute. Horretarako, baliabideak eskatu dizkiete instituzio publikoei. Jarrera sexistekin eta matxistekin amaitzeko eraldaketa soziala burutzea eskatu diote gizarteari. Biolentziarik gabeko espazioen beharra salatu, eta erantzun kolektiboak ematera deitu dituzte herritarrak.