Bueltan da Aitor Txiki Futbito Txapelketa
2022ko edizioa ostegun honetan hasiko da.
“Indarberriturik eta ilusio handiarekin”, bueltan da Oiartzungo Aitor Txiki Futbito Txapelketa. Guztira 16 taldek parte hartuko dute, eta Haurtzaro ikastolako futbol zelaian jokatuko dira partidak. Beste urteetako edizioekin alderatuta, txapelketa luzeagoa izango da aurtengoa: ekainaren 16tik abuztuaren 6a arte iraungo du.
Lehenik, zortzi taldez osatutako bi multzoetako ligaxka izango da. Behin ligaxka hori bukatzean, multzoetako lehen lau sailkatuek final-laurdenak jokatuko dituzte; garaileak finalerdietara joango dira, eta hemendik, final handiko norgehiagoka erabakiko da.
Honakoak dira multzoak:
- A multzoa: Denak Itxea, Green Team, K.O.B (Kale O Bale), Mateo ta 4 geyo, Mystikal, Txoko 97, Vodka Juniors eta Zelai Txiki.
- B multzoa: AC Berua, Amazkar, Bajotarrak, Celta de Bingo, Estrella Floja, Hollywood 7, Peloton Delta eta Txetxo.
Antolakuntzak adierazi duenez, muntatze, garbitze eta desmuntatze orduan, ikustera datozen beste taldeetako partaideen parte hartzea ongi etorria izango da, “Aitor Txiki denon artean eta denontzat antolatutako txapelketa bat baita”.