Kontsumitzaileek saihestu beharreko akatsen zerrenda
Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak zenbait aholku eman ditu egunerokoan egin ohi diren erosketetan kontsumitzailearen eskubideak berma daitezen.
Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak zenbait aholku eman ditu, “badakigulako badirela”, kontsumitzaile gisa, “ondo egiten ez ditugun gauza batzuk, gehienetan ezjakintasunagatik edo arduragabekeria soilagatik”. Hori horrela, zenbait akats komun zerrendatu dituzte, horiek saiheste aldera.
- Dendetan gauzak erostea, horiek gero itzul daitezken galdetu gabe.
- Tiketa ez eskatzea edota ez gordetzea. Erreklamatu ahal izateko ezinbestekoa da.
- Interneten bidez erostea enpresaren datuak eta baldintzak konprobatu gabe. Herrialde batetik bestera baldintzak alda daitezke, esate baterako.
- Interneten erostea gunea partikularren arteko bitartekaritzarako plataforma bat ote den egiaztatu gabe. Arazoak sortuko balira, partikularren arteko salerosketa izanik, erosleak ezingo luke kontsumo zerbitzura jo eta epaitegira joan beharko luke.
- Kontratu bat egin eta kopia bat ez eskatzea. Zer kontratatu den jakiteko edo arazoak izanez gero erreklamatu ahal izateko ezinbestekoa da.
- Telefonoaren faktura ez eskatzea eta ez gordetzea. Tarifen aldaketak edo bestelako abisuak bertan jasotzen dira, eta erreklamatzeko ere behar dira.
- Fakturak ez errebisatzea.
- Instalatzen diren aplikazioen baldintzak onartzea, irakurri gabe.
- Gremio bat kontratatzea aurrekontua eskatu gabe.
- Autoa tailerrean edo irabiagailua zerbitzu teknikoan uztea aurrekontua eskatu gabe.
Jakitun agertu dira arduradunak ez dela erraza horiek guztiak kontuan hartu edota ulertzea; horregatik, zalantzarik duenaren edota laguntzarik behar duenaren eskura jarri dute euren posta elektronikoa eta baita telefono zenbakia ere: 943 51 01 11.